Beasaingo irakurle taldeak 1936ko gerran eraildako herritarrak omendu ditu
Astelehenean 84 urte bete ziren militar frankistek Beasain hartu zutenetik. Irakurle taldeak bi bertso eta bi idatzi prestatu dizkieta eraildakoei.
Beasaingo Irakurle Taldeak gogoan izan ditu 1936ko uzatilaren 27an eraildako 35 herritarrak. Bi bertso eta bi idatzi prestatu dizkiete eta oroigarriaren aurrean irakurri. Hala diote:
Indar handia izan
du Felisa denak
ta memoria egin
du bere izenak
historia berpiztu
egin behar du senak
iragan isilaren
hain oihu ozenak
memoria berpiztu
egin behar du senak
oraina eraikitzen
baitu oroimenak
Hitzak Idoia Granizorenak dira eta Felisa Golgota liburuko protagonista da. Liburu hau jorratu dute azken topaketan.
Urte askoan zenbat
min eta nahigabe,
zer da etorkizuna
iraganik gabe?
Oroitarria hartu
dugu parez pare,
erreparazio ta
egiaren alde,
hemen behar genuen
eta hemen gaude.
Egilea: Ekaitz Goikoetxea
Pauso hotsa
Pauso hotsa bizkarrean
Pauso hotsa bizkarrean itzal
Pauso hotsa bizkarrean itzal laino.
Lainoa oroimen
Lainoa oroimen lauso
Lainoa oroimen lauso eguzkitan
Lainoa oroimen lauso eguzkitan errez.
Erre lurra
Erre lurra minez
Erre lurra minez begitan.
Eta gainera etorri zitzaigun etorkizunak
malkotan harrapatu gintuen oraindik,
bizia arnas hezurtu nahian.
Irati Goikoetxearena da olerkia.
Gaueko iluntasunean
ortzi mugak sutan daudelarik
basoko haize leunaren antzera,
hemen nago ni, bidegurutzean,
zuen aurpegia eta historia gogoratzen,
negar malkoak ditut begietan
baina irribarre bat ere ahoan.
Gertu sentitzen zaituztet.
Badakit egunen batean,
noizbait,
berriro elkartuko garela
eta zuen ametsa eta geurea
egi bihurtuko dela.
Zuen historia eta memoria
ez da inoiz hilko.
Kristina Galarraga.