«Datorren urtera arte itxaron beharko da Kateko festez gozatzeko»
Idiazabalgo Gazte Asanbladak antolatu ohi ditu Katea auzoko San Inazio festak. Abel Martinez, Gazte Asanbladako kidea da eta ederki ezagutzen du festen antolaketa nolakoa den eta baita festa bera ere.
Asteburura begira, Idiazabalgo Kate auzoan San Inazio festak ospatu beharko zenituzkete egoera normalean egonda. Aurten baina, COVID-19aren osasun krisiak eraginda, bertan behera uztea erabaki duzue.
Bai, hala da! Idiazabalgo Gazte Asanbladako kideak, udalarekin bildu ginen, egoera berezi honetan zer egin zitekeen kontsultatu eta baloratzeko. Bi egunetarako egitaraua antolatu ohi dugu eta hasiera batean pentsatu genuen bertso afaria egitea behintzat. Beti ere, egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak betez. Baina, baldintzak betetzea zaila izan zitekeelakoan hori ere ez egitea erabaki dugu, beraz, aurten ez da festarik izango.
Badira urte batzuk Gazte Asanbladak hartu zuela festak antolatzeko ardura.
Herritarrek antolatu izan dituzte beti. Lehen auzotarrak ziren ardura zutena eta gaur-gaurkoz, Gazte Asanbladako kideak aritzen gara horretan. Adin desberdineko gazteek osatzen dugu Gazte Asanblada, momentu honetan, egia esan, Idiazabal herri txikia izanda ere, jende gazte asko gaude, eta geroz eta gehiago gara horrelako ekitaldiak antolatzen animatzen garenak.
Katea auzoko festetarako nolako egitaraua zenuten esku artean?
Bi egun izaten dira. Egitarauari begiratuta, bietatik lehena izan ohi da beteagoa. Arratsaldean, umeentzako jolasekin hasi ohi gara. Ondoren, sagardo dastaketa. Gipuzkoa osoko sagardoak izaten dira aukeran. Gu geu gerturatzen gara sagardotegietara. Iaz, 16 sagardotegi desberdinetatik ekarri genuen sagardoa. Ogitarteko jana ere egin ohi dugu, guk geuk prestatuta edo herriko taberna batean hartuta. Iluntzean, kontzertuak. Txerri harrapaketa ere egin ohi dugu. Lehen, asto karrera ere egiten zen baina hori egiteari aspaldi utzi genion. Eta goizaldean, kaltzontzilo eta tanga lasterketa.
Hurrengo egunean, mus txapelketarekin hasi ohi gara. Herriko tabernen laguntza izaten dugu sariekin, ardo botila bat dela, patxaran botila bat dela… Herritar askok parte hartzen du mus txapelketan, batez ere, herriko aitonek. Patata tortilla lehiaketa ere egiten dugu egun berean eta prestatutakoa banatzen dugu gerturatzen den jendearen artean. Ondoren bertso afaria egiten dugu. Ekitaldi potentea izan ohi da. Bertsolari gazteei ematen diegu aukera. Eta bukatzeko erromeria.
Duela bi urte, eten bat egin zenuten, eta ez zenituzten fetak antolatu. Zergatik?
Une hartan udal gobernuarekin harremana ez zen ona. Ez ginen ondo ulertzen. Eta horregatik hartu zen erabakia izan zen, Gazte Asanbladak antolatzen dituen hainbat ekitaldi antolatzeari uztea.
Udal gobernu berriarekin harremana hobea dela dirudi.
Bai, udal gobernu berria osatu zenetik, komunikazioa hobea da eta etenda zegoen harremanari heldu diogu berriro. Momentu honetan, elkarlanerako prest gaude.
Idiazabalgo Gazte Asanbladak, Katea auzoko festak antolatzeaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatzen dituzue urtean zehar.
Otsaileko San Blas festetan, txosna jartzen dugu eta kontzertuak antolatzen ditugu. ‘Sanjuanetan’ suaren inguruan dantzatzen dugu. Urtetik urtera jende gehiago animatu da gainera. Iaz, 80 pertsona inguru atera ginen dantzatzera. Egun horretan, afaria ere antolatzen dugu udalaren laguntzarekin. Uztailaren hasieran, Kirol Astea egiten dugu. Txapelketa desberdinak egiten ditugu horren barruan. Horren ondoren, Katea auzoko festak. Eta azkenik, eguberrietan, Olentzeroaren eta Mari Domingiren irteera antolatzen dugu. Eskola ingurutik atera eta herriko plazaraino etortzen gara. Bertan, herriko haurrak zain izaten dira eta opariak banatzen ditugu haien artean. Polita izaten da, duela 10 bat urte gaur Gazte Asanbladan gauden gazte asko ginen plazan Olentzeroren zain egoten ginenak, eta orain, gu gara harekin batera etortzen garenak.
Antolatzen dituzuen ekitaldien artean, zein da zuretzat kuttunena?
Kateko festak, dudarik gabe! Abuztuan sartu aurretik, eta oporretan joan baino lehen ospatzen ditugu, eguraldi ona egin ohi du, gazte guztiak festarako gogotsu egoten gara, giro paregabea sortzen da, herrikoia… Primeran pasatzen dugu.
Aurtengoa ezin ospatu eta penaz?
Egia esan bai! Baina aurten gauzak hala etorri dira. Datorren urtera itxaron beharko dugu Kateko festez gozatzeko.