«Egon diren tenpluen aztarnak azaleratu nahi ditugu»
Duela bi urte egindako indusketa lanari jarraipena emango diozue. Dagoeneko hasiak zarete Ordiziako San Bartolomeko ermitaren inguruan indusketa lanak egiten.
Bai, astelehenean hasi ginen lurra altxatzen. Duela bi urte egin genuen indusketan, gaur gaurkoz ezagutzen dugun elizaren aurretik egon ziren bi elizen paretak azaleratu ziren. Horrez gain, elizaren barruan egin genituen indusketa lanei esker, giza hezurrak ere atera genituen. Karbonoaren probak datazioa eman zigun, eta XI. edo XII. mendekoak zirela baieztatu zuen.
Oraintxe, kanpoko aldean egingo dituzue lanak.
Garai hartan, ohikoa zen eliza bat eraikita zegoen tokian beste bat eraikitzea. Bata bestearen gainean egiten zituzten, eta ondoren, barruan geratzen ziren tenplu zaharraren paretak botatzen zituzten. Ulertzeko, Matrioska baten moduan. Hori horrela, aurretik egon ziren eliza guztiak, handienaren barruan egon beharko lirateke.
Beraz, 7×6 metroko eremu bat irekiko dugu oraingo elizaren aldeetako batean. Espero dugu horrekin lortuko dugula, gaur egungo elizaren aurretik egon zen elizaren erdia ateratzea, eta horren barruan, aurrekoaren aurreko aztarnak bilatzea. Eremu horretan, garai desberdinetan egon diren tenpluen aztarnak azaleratu nahi ditugu.
Zer da baieztatu nahi duzuena?
San Bartolomen zenbat eliza egon diren, haien arteko hurrenkera hobe ezagutu nahi dugu. Gainera, haien ezaugarri arkitektonikoen inguruan gehiago jakin nahi dugu, nolakoak izan ziren, bai hormak eta baita barrutik ere. Horrez gain, eliza horietan ehorzketak egin zirenez, posible da hilobiak ere ateratzea. Nahiz eta posible den baita ere, pareta berriak egin zituztenean, aurreko hilobiak ere txikitu izana, hori oso ohikoa baitzen.
Taldetxo bat ari zarete lanean, nortzuk zaudete?
Arkeologo profesionalak daude, Ordiziako Gure Iraganako kideak eta Osbele Elkarteko kideen laguntza ere izaten ari gara.
Astelehenean hasi zineten indusketa lanekin. Noiz arte ariko zareten zehazterik bai?
Teorian hilabete batean bukatu behar dugu. Ondoren, beste gauza bat da irekitako zanga berriro ere ixtea.