Urretxuko Udala Pagoeta auzoko haur parkea berritzen ari da
Zoruak arazo asko eman ditu eta hemendik aurrera halakorik ez gertatzea espero da. Azken margotze lanak egitea eta argiteria berritzea bakarrik falta da
Urretxuko Udala Pagoeta auzoko garajeen gainean dagoen parkea berritzen ari da. Orain arte zoruak arazo handiak eman ditu eta hemendik aurrera halakorik ez gertatzea espero du.
Udalak hainbat proba egin ditu azken urteetan eta oraingoan konponbidea aurkitu duela uste du. Ez da erraza izan, parke hori eguraldiaren oso menpe baitago eta, gainera, garajeen sabaia baita. Hala, estaldura askotan altxatu da.
Oraingoan, hormigoia leundu dute eta ondoren poroak likido batekin estali dituzte. Likido hau kristalizatu egin da. Hala, ez dago altxatu daitekeen ezer. Aurrekoetan erretxinak jarri dira (epoxi, poliuretanoa eta metakrilatoa) eta altxatu egin dira.
Orain arte, lehenago edo beranduago, garajeetara ura sartu da. Urretxuko Udalak hemendik aurrera halakorik ez gertatzea espero du.
Aurrekontua 102.000 eurokoa izan da. Lanek atzerapena izan dute, lehenengo konfinamenduagatik eta ondoren eguraldiarengatik. Izan ere, Sebastian Ramos enpresak ezin izan du lan egin euria egin duen egunetan.
Udaleko brigadak ere hainbat lan egin ditu: parkeko sarreran dagoen aldapako baldosa batzuk aldatu ditu, haur parkea barnizatu eta margotu du eta farolak, parkeko horma guztiak eta parkearen inguruko hesia margotu ditu. Horma guztiak kolore berarekin margotu ditu, jolas gune guztiek itxura bera izan dezaten.
Horretaz guztiaz gain, brigadako langileek sare bat jarri dute areto futbol zelaia eta haur parkea bereizteko. Abuztuan udalak kontratatutako enpresa batek kirol gune ezberdinak margotuko ditu: areto futbol zelaia, bi pilotaleku txikiak eta saskibaloi zelaia. Gainera, argiteria berrituko dute. Led teknologia duena jarriko dute.
Udalak Pagoeta auzoko bizilagunei eskerrak eman nahi dizkie. «Obra hau garajeen jabeen eta gainontzeko bizilagunen lankidetzarekin egin dugu. Beraiei esker, aspaldiko nahi hau aurrera atera ahal izan dugu. Zenbait egunetan bizilagun batzuk ezin izan dituzte beraien garajeak erabili eta eskerrak eman nahi dizkiegu erakutsi duten jarreragatik.