Ane Barandiaran softball jokalariak Basque Team-eko beka jasoko du
Kirol ibilbide luzea egin du Ane Barandiaran ordiziarrak. Entrenatu eta lehiatzeko beharrezkoa eta lehentasunezkoa den dedikazioa bermatzeko laguntza da
COVID-19 koronabirusak sortutako pandemiak bete-betean eragin zion Basque Team Fundazioak martxan jarritako 2020rako bekak eskatzeko prozesuari, baina aste honetan jakinarazi du zein kirolarik jasoko duten eta tartean da, Ane Barandiaran softball jokalari ordiziarra.
Barandiaranek ia bizitza erdia darama softballean jokatzen. Ordiziarrak orain hamalau urte ekin zion kirol horretan aritzeari, herrian bertan, eta Orioko Bate Bizkorrak taldetik Donostiako Atletico San Sebastianen egindako bidean gorengo mailara iristea lortu zuen. Azken talde horrek bere bidea amaitu zuenean, 2019ko udazkenean, Sant Boi taldearekin urtebetez aritzeko akordioa lortu zuen. Katalunian ari da ordutik.
Alabaina, Sant Boi taldera iritsi aurretik bide luzea egin du Barandiaranek Espainiako Ohorezko Mailan; estatuko txapelketarik gorenena da. Hain justu, azken lau urteetan hiru aldiz lortu du txapelketa hori irabaztea, eta bi koparen jabe ere egin da. Halaber, Poloniako ligan ere aritutakoa da 2012. urteaz geroztik. Barandiaranek Varsovia Diamonds taldeko prestatzaile lanak egiteko deia izan zuen, eta egonaldi labur baten ostean, haiekin jokatzeko itzuli da. Guztira, Poloniako lau liga irabazi ditu, eta beste horrenbeste aldiz eskuratu du herrialdeko kopa.
Kluben arteko txapelketez gain, Barandiaranek selekzioen arteko lehiatan ere hartu du parte. Euskal selekzioarekin nahiz Espainiakoarekin hartu du parte, jaurtitzaile postuan. Euskal selekzioarekin, esaterako, 2014ko Canada Cup txapelketan aritu zen 2014. urtean, eta puntako zenbait talde izan zituzten arerio. Aldiz, Espainiakoarekin Europako eta Munduko Txapelketatan aritu da, eta baita Olinpiar Jokoetara sailkatzeko kanporaketetan ere.
Etorkizuneko kirolariak
Bestalde,Gipuzkoako Foru Aldundiak programa berezi bat dauka goi mailako kirolera iristeko aukera duten etorkizuneko kirolarientzat. Ordiziako taldeetako zortzi kirolari gaztek jasoko dute babes hori: atletismoan, Joseba Berasain eta Nora Tobar; errugbian, Erlantz Garmendia, Ekain Imaz, Xabier Martin eta Beñat Martinez de Santos; gimnastikan, Onintza Sukia; urpeko igeriketan, Iratxe Garmendia eta Ane Gonzalez.