«Festak faltan botako ditugu, oso kuttunak dira gure artean»
San Ignazio auzoko jaiak oso kuttunak dira legazpiarren artean, baina aurten ez dute festarik izango. Iaz Gazte Asanbladari erreleboa eman aurretik, 12-bat urtetan Beti Gaztek antolatu ditu. Igor Iñurrategi izan da lan horretan jardun duenetako bat.
Ez, hala esan dute iaz gure ordez antolaketa lanetan hasi ziren Gazte Asanbladakoek. Berez gaur eta bihar ospatuko ziren, bi egun izaten dira normalean, hiru eta lau ere bai, San Ignazio eguna nola erortzen den. Aurten ekitaldi bakarra egongo da, Goiz Deia txistularien kalejira bihar bertan, 09:00etan hasita.
Faltan botako dituzue hainbeste urteren ondoren…
Bai. Festa hauek bereziak dira, oso kuttunak legazpiarren artean, oporrak gainean direlako eta eguraldi ona egiten duelako edo… Gu mutikotan hasi ginen etortzen, festara, gero antolatzen hasi ginen eta 12-bat urtez ibili gara horretan.
Baina zuek ez zarete auzokoak. Nolatan hasi zineten festak antolatzen?
Azken urteetan Buskabaso auzo elkarteak antolatu eta gero, urte batean ospatu gabe geratu ziren, lan horietarako inor ez zegoelako prest, eta gure artean hain gustukoak izanik, aurrerantzean guk antolatzea pentsatu genuen. Buskabasokoak ere ados zeuden, eta aurrera egin genuen. Laguntzeko prest agertu ziren, lokala utzi ziguten, txosnan ere turnoak egin zituzten hasieran…
Horrela hasi ginen, egia esan oso konsziente izan gabe hura zer zen eta gastuak zenbaterainokoak izango ziren. Baina tira, gauzak ondo atera ziren. Hurrengo urteetan gastuek gora egin zuten gainera, karpa bat jartzen genuelako guk ordainduta. 8.000 eurotik gorako gastuak izaten ziren, eskerrak udalak diru laguntza ematen zuen…
Jai hauek badute beste berezitasun bat: txosnak.
Bai, auzoan ez dago tabernarik. Lehen bazen bat, Muru, eta hura ezagutu genuen irekita, lan ere egin genuen bertan, 17-bat urte genituenean, txosna moduan jarri zutenean. Baina Muru itxi zutenetik, goiko plazan eta eskola zaharretako patioan jartzen diren txosnak dira aukera bakarra. Horrek daukan alderdi ona da diru sarrera polita lortzen dela, eta eskerrak horri, bestela ezingo zen festarik egin.
Alderdi txarra ere ba al dute?
Bai, batez ere hasieran. Goiko plazan karpa baten azpian jartzen genuen, eta patioan arkupeetan, baina ez bata ez bestea ezin ziren itxi gauetan, eta arazoak izan genituen. Gerora, beste gastu bat izan arren, txosna formalak jartzen ditugu, ixten direnak.
Bestela, txandak egiteko jendea behar izaten da. Gure taldean, Beti Gazten, bost-sei ibiltzen ginen, eta jai hauetarako beste dozena bat inguratzen zitzaigun. Horiez gain, beti genuen laguntzeko prest zegoen jendea.
Bi txosna, eta bi gune ezberdin.
Hala da, bai. Goiko aldea berbena girokoa da, eta behekoan, rock kontzertuak egiten dira. Banaketa hori aldatzeko ahalegina egin genuen, eta zerbait lortu ere egin genuen, baina ezer asko ez.
Musikaz eta txosnez gain, urteroko ekitaldiak izaten dira.
Bai, kontzertuetan jende asko biltzen da, baita txosnetan ere, baina badira ekitaldi gehiago, urterokoak gainera. Saniko Kuadrillak sahararren alde antolatutako paella afaria da bat, nahiko arrakastatsua dena. Eta beste bat, Muru Azpi elkarteko mus txapelketa. Oso harreman ona genuen elkartearekin, eta txapelketa batera antolatzen genuen. Guk, gure aldetik, musikariak bertara bidaltzen genituen afaltzera, haiek jarritako txuletak jatera. Auzoko jubilatuei luntxa ere ematen diete.
Eufemianto Iturri ere ezaguna egin zen garai batean. Zer zen hura?
Korosti mendira igoera, bizikletaz eta oinez. Baina bertan behera utzi behar izan genuen, ondo prestatzeko partaideek aldez aurretik izena ematea eskatzen zuelako, eta azken edizioetan aurretik apuntatu gabe egunean bertan agertzen zirelako asko. Duela bi urte egin gabe geratu zen, baina iaz berreskuratu zuten; 12. edizioa izan zen. Ea jarraipena duen.
Igoera hori zuekin batera sortu zen San Ignazioko festetan, beraz, 12-13 urtez antolatu zenituzten. Zergatik utzi zenioten?
Urte asko izan ziren, eta dedikazio handiko lana da, bai aurretik bai ondoren. Nekatuta geunden, eta iaz erreleboa Gazte Asanbladari emanda, beste era batera bizi izan genituen. Erreleboarekin oso gustura geratu ginen, azken urteetan gure inguruan ibilitako jendea zelako, gaztea eta lanerako gogoa zuena.
Iaztik, beraz, jairik ez, baina Beti Gaztek antolatzen ditu beste ekintza batzuk.
Bai, urtean zehar garatzeko ekintza egitarau bat prestatzen dugu, eta aurtengorako ere bagenuen antolatuta, baina koronabirusak bertan behera utzi ditu ekitaldi batzuk. Adibidez, hitzaldi bat genuen esku artean, Gambian lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde baten bidez antolatutakoa, bertako egoera azaltzeko. Apirilean zen egitekoa, baina ezin izan da egin. Intsumisioari buruzko dokumental baten emanaldia ere aurreikusita genuen, eta ez dakigu noiz ekarri ahal izango dugun. Zine Klub taldearekin genuen elkarlana ere airean geratu da momentuz.
Asteburu mikologikoa ere zuek antolatu ohi duzue.
Bai. Lekanazpiri erreleboa hartu genion. Urrian egiten da, baina aurten ikusi egin behar.
Lehen esan duzu bost-sei lagunek osatzen duzuela Beti Gazte. Ba al dago gehiagorentzako tokirik?
Noski. Gure elkartea irekia da, eta ekarpenak eta proposamenak beti dira ongi etorriak. Taldea osatu genuenok Gazte Asanbladatik gentozen denok. Adinean aurrera gindoazela eta beste kezka batzuk genituela ikusita, hura uztea erabaki eta beste talde bat sortzea pentsatu genuen. Gaztetasunari aipamena eginez, oraindik gazte sentitzen ginelako, Beti Gazte izena jarri genion eta Animakzio Elkartea erantsi, ekitaldiak antolatu eta animatu egiten ditugulako, eta oso aktiboak garelako.