Gazteak ginkana erraldoiarekin kidetuko dira
Abuiztuaren 29an 'ginkana erraldoia' egingo dute, Porru kaleko festen ordezko moduan. Jai klasikoen ordez, jolasaren formatua aukeratu dute antolatzaileek, "gazteen arteko harremanak" bultzatzeko.
Ginkana erraldoiak Beasain gurutzatuko du abuztuaren 29an. Egoera ikusirik, gazteek Porru kaleko festak ez direla egingarriak ebatzi dute eta jolasen eguna egitea otu zaie. «Festaren helburua gazteen arteko harremanak eraikitzea da», azaldu du antolakuntzak. «Gure buruari galdetu diogu ea zer egin dezakegun helburu hori lortzeko gauden egoera honetan. Jai klasikoen formatua alboratu egin behar izan dugu baina jolasak bide ona dira», gaineratu dute.
Jolasak zeintzuk eta nolakoak izango diren ez dago zehaztuta. Segurtasun baldintzak betetzen dituen eredua prestatzen ari dira. Esaterako, ginkana herrigunean ahalik eta gehien zabaldu nahi dute pilaketarik egon ez dadin.
25 gazte inguru elkartu ziren pasa den astean egindako batzarrean. Gazteen artean nabaria da festari eutsi eta zerbait antolatzeko gogoa. Festaren sorburua gazte lokaletan badago ere, dinamika hori gainditu eta parte hartzea irekia da.
Jai batzordearen Instagram kontua @porru_kaleko_festak da. Antolakuntzarekin bertatik egin daiteke bat eta, baita ere, festen inguruko informazioa jaso. Egunak hurbiltzean adieraziko dute nola eman behar den izena jolasetan. Itxialdian kamiseta diseinu lehiaketa ere egin zuten aurtengorako.