Irailean kaleratuko dira bonuak
Herriko dendetan kontsumitzeko bonuek harrera ona izan dute eta irailaren bigarren hamabostaldian kaleratuko dira gainerakoak. 7.500 bonu izango dira oraingoan
Beasaingo Udalak beste 7.500 bonu aterako ditu irailaren bigarren hamabostaldian herriko dendetako kontsumoa bultzatzeko. Udalak eta Bareak merkatarien elkarteak aste honetan egindako bileran hartu dute erabakia, orain arte banatutako bonuen eragina positiboa izan dela iritzita. Bonuei esker bezeroak 30 eurorekin 50 euroko erosketa egin dezake, gainerako 20 euroak Beasaingo Udalak bere gain hartzen baititu. Lehen bonuak maiatzean banatu ziren, eta eskaria handia izan denez, jarraitzea erabaki dute. Orain arte egin bezala, bonuak merkatari, tabernari eta zerbitzu establezimenduetan jasoko dira.
Era berean, Beasaingo Udalak zehaztu ditu merkataritza sektorea biziberritzeko diru laguntzak emateko oinarriak. Neurri honen xedea lokal hutsak merkataritzara bideratzea da, herritarrei erraztasunak emanez.
Kaleak biziberritzeko
Jose Migel Iturriotz kaleko lokalek izango dute lehentasuna. Merkataritza Biziberritzeko plan bereziak ere hala jasotzen du, bertan pilatzen baitira lokal huts gehienak eta, bere kokapenagatik, udalak berebiziko garrantzia ematen diote kale bizitza berreskuratzeari. Halere, diru laguntzak edozein kaleetarako baliagarriak. Eskariek eskaintza gainditzen badute, laguntzak lokalaren arabera banatuko dira.
Hutsik dauden lokalak alokatzeko, gutxienez, maizterrarekin hiru urteko kontratua adostu beharko da. Udalak urte horien alokairu gastuak lagunduko ditu: lehen urtean, asko jota, kuotaren %50a hartuko du bere gain 300 euroak gainditzen ez baditu. Gainerako bi urteetan kopurua %40ra jaitsiko da, betiere, 200 euroko langa gainditzen ez bada; lokala erosi egin nahi bada, udalak espazioaren katastro balioaren %4a eta 2.000 euroko diru laguntza emango du gehienez. Lokalean jarriko den negozioa jada funtzionamenduan dagoen edo ez berdin du. Lekualdatzeek ere badute laguntzak jasotzeko eskubidea. Edozein kasutan, negozioa txikizkako merkataritzara bideratuta egon behar da. Jabeak ez du derrigor Beasainen erroldatuta egon behar.
Laguntza eskariak urriaren 30a baino lehen egin behar dira. Izapideak Beasaingo Udalaren erregistro elektronikoaren bidez egin daitezke edo harrera bulegoan.