«Istorio bat idazteko gai nintzela pentsatu eta idazteari ekin nion»
Unai Madina Lizarraldek (Urretxu, 2006) 'Charlie Smith y la especie oculta' liburua argitaratu du. 13 urte besterik ez ditu eta dagoeneko bigarren liburua idazten ari da.
Beti gustatu al zaizu irakurtzea?
Bai. Amak liburutegira eramaten ninduen eta zaletu egin nintzen. Asko gustatzen zait irakurtzea. Egunero irakurtzen dut. Denbora apur bat dudanean, irakurtzeko aprobetxatzen dut.
Zer irakurtzen duzu?
Fantasiazko liburuak asko gustatzen zaizkit. Horrekin hasi nintzen eta horrekin jarraitzen dut. Fantasiazkoa ez den libururen bat gomendatzen badidate, hori ere irakurtzen dut. Ez fantasiazkoak bezain gustura, baina irakurtzen dut.
Zein da gehien gustatu zaizun liburua?
Harry Potter asko gustatzen zait. Sekulako saga iruditzen zait. Guztiak irakurri ditut eta pelikulak ere askotan ikusi ditut.
Nolatan ekin zenion liburu bat idazteari?
Istorio bat idazteko gai nintzela pentsatu nuen eta idazteari ekin nion. Ideia aspalditik nuen, baina 2018ko udan hasi nintzen idazten. Ondoren, hilabete asko eman nituen idatzi gabe, berriro ekin nion, gauza asko aldatu nituen… Iazko udan hasitakoa bukatzea erabaki nuen eta lortu egin nuen. Izan ere, ikasturtean zehar ez dut hainbeste denbora idazteko.
Zer diozu liburuaz?
Fantasiazkoa da. Protagonista nire adina duen Ingalaterrako mutiko bat da. Aita eta bi anai ditu. Mezu batean bidai bat egiteko proposamena jaso du, baina bere aitak ez dio uzten arriskutsua izan daitekeelako. Bere inguruan gauza arraroak gertatzen hasiko dira eta azkenean bidaia egingo du.
13 urteko mutiko gutxik lortuko zuten liburu bat argitaratzea…
Idatzitakoa jendeari helarazteak ilusioa egiten zidan eta, gurasoen laguntzarekin, argitaletxeekin harremanetan jarri nintzen. Circulo Rojo argitaletxearekin argitaratu dut liburua. Ane Odriozola legazpiarrak ere argitaletxe horrekin argitaratu zuen bere liburua.
Non erosi daiteke liburua?
Urretxuko eta Zumarragako eta inguruko herrietako liburu-dendetan eta Interneten. Baita 649 044 544 zenbakira deituta eta csylaespecieoculta@gmail.com helbidera idatzita ere.
Zer diote ingurukoek?
Nitaz harro daudela diote. Galdera asko egin dizkidate. Liburua haur batek idatzi duela nabari da, baina helduei ere gustatu zaie. Familiakoek «pertsonaia hau ni naiz» esaten didate, baina pertsonaiak sortzerako orduan ez naiz nire ezagunetan oinarritu.
Beste libururen bat idatzi behar al duzu?
Liburu honen bigarren zatia idazten ari naiz, baina ez diot nire buruari eperik jarri nahi.
Gogorra al da liburu bat idaztea?
Ez da erraza. Ordenagailu aurrean ordu asko eman behar dira: esaldiak idatzi, esaldiak kendu, detaileak gehitu, zentzurik ez duten gauzak kendu… Liburua argitaratzea ere ez da erraza. Akatsak zuzendu behar dira, erabaki asko hartu behar dira… Letra mota eta azala aukeratu, adibidez. Dena den, merezi izan du.
Idazlea izatea gustatuko al litzaizuke?
Liburu gehiago idatzi nahi ditut, baina ez dut idazle profesionala izan nahi. Oso zaila da soldata irabaztea eta, gainera, ideia asko behar dira. Nik ez ditut horrenbeste ideia.
Zenbagarren mailan zaude?
Ikasturte honetan DBH2 egin dut eta irailean DBH3 hasiko dut.
Ikastea gustatzen al zaizu?
Gustatu, gustatu… beno… Baina, tira, ikasketetan ondo nabil.
DBH bukatzen duzunean zer egin behar duzun pentsatu al duzu?
Ideiaren bat izan dut, baina ideiaz aldatu ere bai. Oraindik ez dut argi etorkizunean zer ikasiko dudan.