Baserritarrei keinu, Asto kaleko muralarekin
Sugaar tabernako jabeek eskatuta, murala egin du Xabier Anuntzibaik, Ordiziako Asto kalean.
Ordiziako Elkano kalea, mural koloretsuarekin esnatu zen duela egun gutxi. Asto baten irudia eta Asto Kalea irakur daiteke bertan. Xabier Anuntzibai artista beasaindarraren obra, Ordiziako Sugaar tabernako arduradunen ideia izan da murala pintatzea.
Duela 11 urte hartu zuten Sugaar tabernaren ardura Josu Egurenek eta Harkaitz Mujikak. «Taberna baino pixka bat beherago,, duela urte asko egin ziren obra batzuen aztarna zen pareta bat zegoen, eta aspalditik pentsatuta genuen horrekin zerbait egitea, bezero askok, kontsumizioa eskatu eta bertan jartzeko ohitura dutelako eta uste genuen, ongi egongo litzatekeela, hori pixka bat txukuntzea».
Buruari buelta batzuk ematen, «zerbait sinplea egitea zen hasierako ideia, baina azkenean, Xabi Anuntzibairekin harremanetan jarri ginen, lehendik ere ezagutzen genuen, tabernan ere hainbat lan egin dizkigulako eta pentsatu genuen, lan txukuna egingo zuela berak». Emaitzarekin, «oso gustura» geratu dira Sugaarreko arduradunak, «baita bezeroak eta bizilagunak ere». Elkano kalea izena badu ere, «herrian asto kale bezala da ezagunagoa, garai batean, baserritarrak azokara saltzera etortzen zirenean, astoak hortxe uzten zituztelako, beraz, omenaldi xumea ere bada murala».