CAFek 35 milioi euroko galerak izan ditu urteko lehen seihilekoan
COVID-19ak gogor erasan dio: hilabetez geldirik egon dira eta salmentak nabarmen egin dute behera. Arduradunek urtea irabaziekin amaitu dezaketela uste dute
CAFek 35 milioi euroko galera garbia izan du 2020ko urte erdian. Martxotik ekainerako epea izan da bereziki txarra, COVID-19aren eraginez salmentek nabarmen egin baitute behera. %12 murriztu dira salmentak iazko datuekin alderatuta, zehazki, 149 milioi euro gutxiago. Lehen seihilekoan 1.117 milioi euro fakturatu ditu.
Mantentze-zerbitzuen jarduera izan da sektorerik kaltetuena. 252 milioi euro jaso ditu Beasaingo enpresak diru iturri horretatik, iaz baino %37 gutxiago. Trenen salmenta ere laurden bat erori da, doidoi 500 milioi euroak gainditu arte.
Langileek ere pairatu dute itxialdiaren eragina. Trenak puntuan mantentzeaz arduratzen diren langileak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioan sartu zituen zuzendaritzak. Enpresa erabat gelditu zen ia lau astez, martxoaren 16tik apirilaren 20ra arte. Maiatzean hasi ziren egunak berreskuratzen. Jada %100ean lanean ari direla azpimarratu du zuzendaritzak.
Itxaropentsu
Tren eta autobus elektrikoen fabrikatzaileak «aldi baterako inpaktua» izatea espero du eta urtea amaitu baino lehen galerak berreskuratzeko itxaropena agertu dute. Azken egunetan lau kontratu sinatu ditu eta txostenean ez da jasotzen ekainean Renferekin hitzartutako 250 milioi euroko kontratua. Enpresak gaineratu du hitzartutako kontraturik ez dela erori pandemia garaian.
2020an ia 600 milioi euroko balioa duten kontratuak burutu ditu. Egiteke ditu 8.928 milioi euroko balio duten beste horrenbeste kontratu, baina guztiak ez ditu aurten egingo. Milioi guzti horiek ez dira irabazi garbiak, diru sarrerak baizik.
CAFek gaineratu du likidezia bermatzeko zor ildoak handitu egin dituela.