Goierriko txokorik ederrenen bila
GOIERRIKO HITZA egunkariak 15. urtez antolatu du Udako Argazki Lehiaketa, aurten arreta Goierriko txokoetan jarrita. Irailaren 16ra arte aurkeztu daitezke argazkiak
Ehunka argazki, paisaia eta oroitzapen. Erraz esaten da, baina dagoeneko 15 urte bete ditu GOIERRIKO HITZAren Udako Argazki Lehiaketak. Eta aurten, egungo egoerara moldatuta dator, gainera. Izan ere, kanpoko herrialdeetara bidaiatzeko garairik onena ez dela ikusita, Goierriko txokoetan jarri nahi izan da arreta oraingoan.
Dagoeneko zabalik dago lehiaketan parte hartzeko epea, eta irailaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira argazkiak. Horretarako, goierri.hitza.eus webgunean argazki lehiaketari eskainitako atalean sartu, argazkia igo eta norbere datuak sartu behar dira. Lehiakide bakoitzak, argazki bakarrarekin parte hartu ahal izango du lehiaketan.
Parte-hartzea eta sariak
Udako Argazki Lehiaketan edozein goierritarrek parte hartu ahal izango du, sari nagusia irekia izango baita denentzat. Hitzakide direnek, ordea, beste bi sari potolo jasotzeko aukera izango dute; landaetxe bateko egonaldia, eta Goierriko jatetxe batean otordua.
Horrez gain, publikoak ere aukeratu ahal izango du argazkirik gustokoena; irailaren 17tik 29ra izango da horretarako aukera, webgunean. Hori dela eta, argazkiak ahalik eta azkarren bidaltzea komeni da, publikoaren bozketan parte hartu nahi bada.
Lehiaketako irabazleen izenak eta argazkiak, urriaren 1ean argitaratuko dira GOIERRIKO HITZAn, eta sari banaketa, urriaren 3an egingo da, Joxe Mari Telleriak Beasainen duen Nafarroa 23 erakusketa aretoan, eta hainbat egunez ikusgai izango dira.