Amaitu du Carlos Moranek 3000km x Nahia elkartasun erronkaren lehen zatia
Gaur amaitu du Carlos Moranek 3.000km-ko erronkaren lehen zatia Zegama-Aizkorriko ibilbidean 23. itzulia eman ostean
Uztailaren 10ean eman zion hasiera Carlos Moran zegamarrak 3000km x Nahia elkartasun erronkari Nahia Gomez gazteak duen giltzurrunetako gaixotasuna ezagutzera emateko. Gaur arratsaldean amaitu du erronka honen lehen zatia Zegama-Aizkorriko ibilbidea 23. aldiz egin eta gero. Lehenengo egunetik sekulako babesa jaso zuen ekimenak, eta hainbat eta hainbat izan dira Carlosi ibilbide honetan lagundu diotenak.
Carlosek dioenez, gogotsu zegoen erronkaren lehen zati hau amaitzeko, mendian lesionatzeak beldurra ematen ziolako, baina osorik eta oso pozik amaitu duela adierazi du. Zailena egin duela argi utzita, dagoeneko erronkaren bigarren zatiari hasiera emateko prest dagoela dio. Bihar bertan hasiko da bizikletako fasean kilometroak gehitzen, goizeko 09:00etan. Ibilbidea markatuta dago honezkero, eta eguraldiak baldintzatutako aldaketaren bat egon ezean, bide bera mantenduko da. Bizikletarekin egingo duen zatia aste batean osatzeko asmoa du, eta erronka bere osotasunean abuztuaren 23an amaituko du.
Azken egun horretan Zegama-Aizkorriko 24. itzulia egingo duela esan du eta bere asmoa da maratoi horretan ahalik eta jende gehienak parte hartzea. Normalean ibilbidea egiteko gutxi gora-behera 8 ordu behar izaten dituen arren, azkeneko maratoia patxadaz egiteko asmoa du, eta ez zaio axola zenbat denbora igaro beharko duen, bere lehentasuna mundu guztiak parte hartzeko moduko ibilbide bat egitea baita. Gainera, baten batek uste badu ez dela maratoi osoa egiteko gai izango, beste aukera batzuk bilatuko dituzte helmugara guztiok batera heltzeko helburuarekin.
Informazio gehiago nahi duenarentzat, kontu bat sortu dute Facebook eta Instagram-en erronka zabaltzeko asmoz: 3000km x Nahia.