Osinberdera bisita gidatua
Aralarko Parketxeak Osinberdeko erreka eta honen ingurumariak ezagutzeko bisita gidatua antolatu du.
Osinberdeko putzu naturalera txango gidatua antolatu du Aralarko Parketxeak gaur goizean. Goizeko 10:00etan abiatu dira Arkakako aparkalekutik gorantz. Ibilaldiak bi kilometro eskas ditu (km bat joateko eta beste bat itzultzeko), zailtasunik gabekoa da eta adin guztietara zuzenduta dago.
Txangoko arduradunek zenbait borda erakutsi dizkiete bertaratu direnei, eta hauen gaineko azalpenak ere eman dituzte. Azken zatian, behe-lainoz estalitako bidexketatik aurrera jarraituz, Osinberdeko putzura heldu dira. Bertan bainu bat hartzeko aukera zegoen arren, eguraldiak ez du gehiegi lagundu.
Abuztuaren 15ean txango bera antolatuko dute gaur gerturatu ezin izan dutenentzat. Irteera ordua 10:00etan izango da eta 13:00ak aldera amaituko da. Prezioa pertsonako 4 eurokoa da izango da helduentzat eta 2 eurokoa haurrentzat. Izena ematea derrigorrezkoa da eta plaza mugatuak izango dira. Horretarako Lizarrustiko parketxera deitu (943180335 / 688895069) edota barandiaran@gipuzkoanatura.eus posta elektronikora idatzi.
COVID-19 protokoloa
Segurtasun neurriak bermatzeko asmoz, ibilaldi osoan zehar musukoaren erabilera derrigorrezkoa izan da.