Abuztuaren 8tik 23ra N-1 errepidea itxita kamioientzat Beasain eta Andoain artean
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du N-I errepidetik Beasain eta Andoain artean kamioiak pasatzea debekatuko duela, goizeko 8etatik gaueko 8ak arte, abuztuaren 8tik 23ra
Bide Azpiegituren Departamentuak N-1 errepidean burutu nahi dituen lan batzuen ondorioz, bide hau itxita geratuko da ibilgailu astunentzat. Garraio hauen erabiltzaileek erabaki honekiko desadostasuna erakutsi nahi izan dute, erabaki honek maniobra-aukerarik gabe uzten dituela aldeztuz.
Hiru garraiolarien sindikatuak adierazi duenez, asteazken honetan jakinarazi zieten kamioiek debekatuta izango dutela Beasain eta Andoain artean N-I errepidetik pasatzea goizeko 8etatik gaueko 8ak arte. “Nola berrantolatuko ditugu ibilbideak? Nola jarraituko dugu lanean egoera honetan? Zergatik ez dute gurekin hitz egin zuzenean eragiten digun erabakia hartzeko orduan? Betiko arrazoia: berdin diegu. Azken hilabeteotan askotan oso baldintza eskasetan funtzionatu duen sektore estrategikoa gutxiesten dute berriz ere” azaldu du sindikatuak.
Foru Aldundiak Beasaindik Andoainera ezarri nahi duen by-passak desbideratzera behartuko ditu, kasu askotan kilometro kopuru bikoitza egin eta denbora bikoitza beharko dutelarik. “Horrek gainkostu ekonomiko nabarmena dakar, baina baita denbora kostua ere. Gidatze eta atseden hartzeko denborak legez araututa daude. Non geldituko gara? Non daude aspalditik Ap-8an eta Ap-1ean erreklamatzen ditugun atsedenlekuak? Desbideratzea erabakitzen dute, baina ez dituzte sektorearen oinarrizko beharrak kontutan hartzen.” diote sindikatuko kideek.