Larraondo zerrategi hidraulikora eta Aizpeako meategira bisita gidatua
Larraondo zerrategi hidraulikora eta Aizpeako meategira bisita gidatua egiteko aukera izango da abuztuan zehar larunbat, igande eta jai egunetan
Zeraingo turismo bulegoak Larraondo zerrategi hidraulikora eta Aizpeako meategira bisita gidatua antolatu du gaur goizean. Bertaratu direnak 11:30tan hasi dute Joseba Gartziak gidatutako bisita.
Autoa hartuta Larraondoko zerrategi hidraulikoraino gerturatu dira lehendabizi. 1890. urtean erreka ondoan eraiki zuten Alustiza Zabaleta anaiek uraren indarrarekin funtzionatzen duen zerrategi hau, beraiek bizi ziren baserriaren izena hartzen duena. 1960. urte inguruan utzi zioten erabiltzeari. Geroztik erreka bazterrean iraun du isilean baina, oraindik ere, bere mekanismo zaharkituak lanean ikus daitezke.
Honen ostean, Aizpeako meategiak ikusteko aukera ere izan dute bisitariek. Burdinaren Mendiak meagintzaren aztarna interesgarri ugari gordetzen ditu: lurrazpiko galeriak, tren-makinaren errailak…
Gaur gerturatzeko aukera izan ez dutenentzat, bisita gehiago antolatuko dituzte abuztuan zehar, larunbat, igande eta jai egunetan. Aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da turismobulegoa@zerain.eus posta elektronikora idatzita edota 943 80 15 05 telefono zenbakira deituz.