Kamioei ez ezik, N-1eko erabiltzaile guztiei gomendatu die aldundiak ibilbide alternatiboak erabiltzeko
Abuztuaren 8tik 23ra kamioiek debekatuta izango dute N-1ean zirkulatzea, Beasain eta Andoain artean
Datorren larunbatean (abuztuaren 8an) hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia N-I errepidearen 1,5 kilometroko zatia berreraikitzeko lanetan, Villabona parean. Obren konplexutasuna eta iraupena direla eta, kamioiek debekatuta izango dute N-I errepidetik zirkulatzea Andoain eta Beasain artean, bi noranzkoetan, abuztuaren 8tik 23ra bitartean. 3,5 tonatik gorako kamioi guztiek debekatuta izango dute 08:00etatik 20:00etara bertatik zirkulatzea. Soilik helmuga ibilbide horretako udalerri batean izanez gero igaro ahalko dute.
Autoek bertatik zirkulatzeko baimena izango duten arren, lan hauek eragin ditzaketen auto ilarak eta zirkulazio motela ekiditeko, ordezko bideak hartzen saiatzeko eskatu du Oiarbide foru diputatuak.
Ezarritako masaren muga gainditzen duen merkantzia astunak ordezko ibilbide hauek hartu beharko dituzte:
- Nafarroatik Gipuzkoara doazen ibilbide luzeko ibilgailuen kasuan, gomendatzen da A-15 autobidea (Nafarroa-Gipuzkoa) Irurtzundik Andoainera.
- Gipuzkoatik Nafarroara doazen ibilbide luzeko ibilgailuei dagokienez, Andoain-Beasain noranzkoko debekua dela eta, N-I errepideko erabiltzaileek A-15 autobiatik jarraitu beharko dute Andoaindik Irurtzunera.
- Goierriko eskualdetik datozen erabiltzaileei gomendatzen zaie Olaberriko N-I-417 lotunetik sartzea A-636 autobiara (Beasain-Bergara) eta AP-1 eta AP-8 autobideak erabiltzea beraien helmugetara iristeko.