Bide berdea, oinez edo bizikletaz
Mutiloa eta Ormaiztegi lotzen dituen Bide Berdeak 4,2 kilometro ditu, garai bateko meatzearen trenbidetik. Familian, goiz edo arratsalde pasa egiteko plan ederra da.
Goiz edo arratsalde pasa gozagarri bat egiteko aukera ematen du Mutiloa eta Ormaiztegi lotzen dituen Bide Berdeak. 4,2 kilometro ditu Ormaiztegiko Danborre parajetik Mutiloako Barnaola baserria doan bideak, tartean Lierniako gaineko atsedenlekua duela. Haurrekin eroso ibiltzeko aukeraren alde eginez, autoan bizikletak zintzilikatu eta Danborre abiapuntutzat hartzeko erabakia izan daiteke zentzuzkoena.
Ormaiztegiko tren geralekuaren azpialdetik doan bide estu eta maldatsutik gora iristen da Danborrera, 300 metro inguru altuera hartuz. Ez dago aparkaleku jakinik. Garai bateko meatze-trenbidearen bukaera da, hortik behera eramaten baitzuten Zerainen eta Mutiloan ustiatutako mea. Gainean Mugata-Espainolamendi dela, baso baten barrenean doa bidea, itzalpean. Basotik irtetean, gertu da Lierniako gaina. GI-3572 errepidean gurutzatu, eta parez pare atsedenlekua dago, matxurak konpontzeko azpiegitura eta guzti. Metro batzuk aurrera eginez, eta Lurpe zabortegiaren ondotik igaroz, Makinetxera iristen da lehenik, eta handik Barnaolako helmugara.
Orientazio jolasa, beste aukera bat
Zumalakarregi museoan mapa hartu ondoren, Mutiloako meatze gunea inguratzen duen 8 kilometroko ibilbide didaktikoa egin daiteke. Familientzat egokituta dago.
Ibilbidea:
· Ibilbidearen abiapuntua. Danborre eremua. Ormaiztegiko tren geralekuan azpitik doan bideari jarraituz iristen da bertara, zubien azpitik pasaz.
· Ibilbidearen ezaugarriak. Erraza. 4,2 km ditu. Troi bideko (Mutiloa) 1,9 km-ak eta Lointzi (Ormaiztegi) 600 metroak gehi dakizkieke.
· Lierniako gaina. Atsedenlekua erdibidean. Geldialdia egiteko toki aproposa.