«Ez da egun berezi bat bezala ospatuko, baina egun normal bat bezala ere ez»
Atzo hasiko ziren Zegamako San Bartolome jaiak, baina aurten ezinezkoa izan da festei hasiera ematea. Hala ere bertakoa den Iker Zubeldia bertsolariak herritarrak giro ona mantentzen saiatuko direla dio.
Atzo hasiko ziren San Bartolome jaiak Zegaman. Zein da zure sentsazioa aurten ospatzeko aukerarik ez izatean?
Egia esan leku gehiagotan egoera berdina dela kontuan hartuta, uste dut eramangarriagoa egiten duela norberak bere herrikoak ez ospatzea.
Herri mailan ez-jaien ordezko beste ekitaldirik prestatu ahal duzue?
Ba egia esatea nahi baduzu, ez dakit. Ez da berri eman.
Eta jendeak bere etxean ospatuko dituela uste duzu?
Nik pentsatzen dut asteburu aldera beti egongo dela tranpatxo hori, esango nuke batik bat gazteei eusten nahiko lan izango dutela. Ez da egun berezi bat bezala ospatuko, baina egun normal bat bezala ere ez, alegia. Tabernak irekita egongo dira eta ziurrenik giro polita egongo da, beti ere ordutegiaren barruan noski.
Zuk ere faltan botako zenuen plazara bertsotara itzultzea, zer moduzkoa izan da itzulera? Gabirian gustura aritu al zinen?
Udan jaialdi mailan lehenengoa Larraulgoa izan nuen, gero Aian ere kantatu nuen, eta Gabiriakoa abuztuko laugarrena izan zen. Baina bueno, sentsazioa… Jendeari aurpegi erdia ikusteak ez du asko laguntzen. Azkenen aurpegiak asko eragiten digu guri, askotan zuk pentsatzen duzuna beste batek ez du pentsatzen, eta aurpegiko sentsaziotan asko jasotzen duzu.
Zegamako bertso saioa ere bertan behera.
Bai, San Bartolometan urtero egin ohi da: Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano, Andoni Egaña eta batzuetan Aitor Mendiluze ere etorri izan da. Baina aurten ezin izan da.
Herri bazkaria egitea ere ezinezkoa.
Bai, kuadrilla egunean blusa eguna egiten da, eta hor bazkaria antolatzen dugu. Gero oso jendetsua izaten den oilasko eta cava jana egiten da, ia 500 lagun elkartzen gara frontoian, beraz hau egitea ere pentsaezina zen.
Festetan zein izaten da zuretzat egun edo ekitaldirik kuttunena?
Hori pixka bat aldatu egiten da denborarekin. Lehen, lehenengo eguna izaten zen, mozorro eta kuadrilla eguna. Zegaman lehenengo egunean egiten ziren kuadrilla eta mozorro eguna, aldi berean. Orduan hasiera itzela izaten zen, eta gero ahal zen bezala eusten genion. Orain berriz, umeekin irteten gara. Mozorrotu eta goizen pixka bat eta iluntzean beste pixka bat atera ohi gara. Gero tarteka ihesaldiren bat egiten dugu, baina orokorrean lasaiago.