Iraitz Zubizarretak Albisurekin batera jokatuko du Ataunen, debutekoan
Profesional mailako debuta Ataunen bertan egingo du Iraitz Zubizarretak, hilaren 26an. Sarrerak aldez aurretik jarriko dituzte salgai.
Iraitz Zubizarreta pilotari ataundarrak hilaren 26an egingo du profesional mailako debuta. Eta bere herriko beste pilotari ezagun baten eskutik egingo du, Jon Ander Albisurekin batera ariko baita, bikoteka. Ataungo Udalak eta Ataun Kirol Elkarteak antolatutako jaialdia, Auzoeta kiroldegian izango da, 18:00etan hasita. Binakako bi partida jokatuko dituzte; aurrenekoan, Bakaikoa eta Urretabizkaia II.a, Arteaga II.a eta Erasunen aurka ariko dira. Begi guztiak, ordea, bigarren partidan jarrita egongo dira. Zubizarreta III.ak eta Albisuk, Bengoetxea VI.aren eta Arangurenen aurka jokatuko dute.
Koronabirusaren eraginez hartu beharreko segurtasun neurriak direla eta, aforoa mugatua izango da, hori dela eta, sarrerak ahalik eta azkarren hartzea komeniko da. 4-12 urte artekoek 10 euro ordaindu beharko dute (12 egunean bertan), eta 12 urtetik gorakoek 20 euro (egunean 25). Sarrerak Martintxo okindegian eta Troskaeta eta Sutegi tabernetan jarriko dituzte aurrez salgai.














