Ana Urkizak hartuko du Iñaki Dorronsororen tokia, Eusko Ikaskuntzaren buruan
Zortzi urtez Eusko Ikaskuntzako lehendakari izan da Iñaki Dorronsoro ataundarra. Hilaren 19an egingo duten Batzar Nagusian utziko du kargua, eta Urkizak hartuko du haren lekukoa.
Eusko Ikaskuntzaren lehendakari moduan zortzi urteko ibilbidea egin eta gero, Iñaki Dorronsoro ataundarrak kargua utziko du. Hilaren 19an egingo duten Batzar Nagusian gauzatuko da kargu aldaketa, eta Ana Urkiza ondarroarrak hartuko du haren tokia.Idazlea eta euskalgintza arloan aritutakoa da Urkiza; Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada 2000tik. Euskal Idazleen Elkarteko idazkari kudeatzaile izan zen.Gizarte eta Informazio Zientzietako lizentziaduna da, eta Linguistikan diplomatua. 2016an Elhuyar saria jaso zuen, enpresetan euskara bultzatzen egindako lanagatik.
Lehendakaritza ez ezik, Kontseilu Errektorea ere aldatuko dute. Bost lagun aurkeztuko dira bertako kide izateko, Eguzki Urteaga EHUko irakaslea (Iparraldetik), Isabel Elizalde kontseilari ohia (Nafarroatik), Zelai Nikolas legelari eta Gure Eskuko bozeramaile izana (Bizkaitik), Manu Olariaga ingeniaria (Gipuzkoatik) eta Asier Etxenike soziologoa eta Aztikerreko arduraduna (Arabatik).
Batzar Nagusia hilaren 19an egingo dute, eta koronabirusak eragindako egoera dela medio, batzarrean online parte hartzeko aukera emango dute, baita botoa delegazio bidez ematekoa ere.