Gazta txapelketari eutsiko diote Ordizian
Euskal Jaiak ospatuko ez badira ere, Gazta Txapelketa egingo dute, ostiralean, Beti Alai pilotalekuan. COVID-19ak baldintzatuta, ateak itxita eta protokolo zorrotza jarraituz egingo dute. Enkantean parte hartzeko deia egin du Ordiziako Idiazabal Kofradiak.
Egoera normalean, Euskal Jaietan murgilduta beharko luke Ordiziak egunotan, eta etzi, asteazkena, urteko azoka bereziena eta latxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez artzainek egindako XLVII. Gazta Txapelketa ospatuko lirateke. COVID-19agatik ordea, ez da Euskal Jairik ospatuko, ezta azoka berezirik ere. Bai ordea, gazta txapelketa. Ohi baino ekitaldi hotzagoa izango bada ere, ostiralean egingo dute. Xehetasun guztiak eman dituzte Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko ordezkariak, Joxi Iturrioz Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako ordezkariak, eta Leire Arandia D’Elikatuz zentroko ordezkariak, Ordiziako Barrena parkean gaur egin duten prentsaurrekoan.
«Aurten, tamalez, ez da ospatuko Euskal Jaien barruan egin ohi dugun Ordiziako azoka bereziena eta garrantzitsua», adierazi du Ezenarrok, «gazta lehiaketa izango da mantenduko dugun ekitaldi bakarra». Ohiko tokian egingo dute, Beti Alai pilotalekuan: «Frontoia bezalako eremu itxi batean egiteak, aukerak ematen ditu segurtasun baldintza guztiak betetzea».
Alkatearen hitzetan, «artzainentzat eta Idiazabal Gazta izendapenarentzat, ezinbestekoa da horrelako ekimenak mantentzea, hain zaila izaten ari den, aurtengoa bezalako urte batean». Horregatik, Ordiziako Udalak, «esfortzua» egin du lehiaketa mantentzeko. Beti bezala, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren laguntzarekin, eta Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenaren babesarekin egingo dute. Ezenarrok aipamen berezia egin dio Kutxa Fundazioari eta eskerrak eman dizkio, «aurtengoa bezalako urte aldrebes eta berezi honetan ere, Kutxa Fundazioak mantendu egin duelako laguntza».
Publikorik gabe eta egoerak baldintzatutako protokolo bereziarekin, epaimahaikideak, 10:30ean hasiko dira gazta onenaren aukeraketa lanetan. Frontoian gonbidapena dutenek baino ezingo dute sartu, dena den, Ezenarrok azaldu du, zuzeneko jarraipena egin ahalko dela Ordiziako Udalaren sare sozialen kanalen bidez. Konexioa, 12:00etan hasiko da, 14 finalisten arteko lehia hasten denean.
Ezenarroren ostean, Idiazabal Jatorri Izendapeneko ordezkariak hartu du hitza. Kofradiari eta udalari zuzendu zaizkio lehenik, eskerrak emateko, ekitaldiarekin aurrera jarraitzeko egin duten «esfortzua izugarrizkoa» izan delako, eta «zailtasun guztiak saihestu ostean, gazta txapelketa aurkezteko moduan gaudelako, ilusioz beteta gaude!».
Molinak nabarmendu du, osasun larrialdiak, sektorean egoera «konplikatu» duela. «Idiazabal gaztaren portzentaia altu bat, salmenta zuzenaren bidez iristen da kontsumitzaileengana». Gehitu du, itxialdian, kontsumitzaileengana iristea «nahiko zaila» izan zela, eta aurrikusten dute, momentu honetan eta udazken aldera ere, «zaila» izango dela, «azoka aukerak asko murriztu direlako».
Gainera, konfinamenduak, “produkzio puntua gorenean zenean harrapatu” zituen. Orokorrean, sektoreak «lan egiteko eta konfiantzarako hautua egin» zuen. Horrela izanda, Molinak espero du, aurtengo ekoizpen datuak, aurreko urtekoen «antzekoak» izango direla, « %2ko murrizpena» da aurrikuspena. «Gazta eginda dago, orain saldu egin behar da».
Datuekin jarraituz, Idiazabal gazta ekoizten duten gaztagileak, «124 izan dira aurten», aurreko urteetako «gorako joerari eutsiz», eta ekoizle berrien artean, «gazteak dira nagusi.»
Bukatzeko, etorkizunera begira Molinak «ardura» erakutsi du, Hala ere, «herritarrak hortxe jarraituko duten konfiantza» du: «Orain arteko erronka handienaren aurrean gaude, ez bakarrik sektore moduan, baita gizarte osoa ere. Jatorri izendapenak kanal berriak sortzeko konpromisoa amaigabea da”.
Enkanterako deia
Gazta Txapelketan, enkantea izan ohi da interes berezia sortzen duen unetako bat. Iturriozek esan duenez, momentuz ez dago enkanterako izena eman duenik, eta horregatik, parte hartzeko deia egin du. Gogoratu du, gazta irabazleagatik ordaintzen den dirua, proiektu sozialetara bideratzen dela.