Ikasturterik berezienari ekin diote gaur ikasleek
Haur Hezkuntzatik DBH 2ra arteko ikasleak gaur itzuli dira ikasgeletara. Ikastetxeek neurri bereziak hartu dituzte koronabirusaren hedapenari aurre egiteko.
Eskolara bueltatu eta lagunak ikustearen poza, gurasoen kezkak, musukoak eta hidrogelak, neurri bereziak hartzeko irakasleen ahalegina… horiek denak nahastu dira gaur 2020/21 ikasturtearen hasieran. HH, LH eta DBH 1 eta 2. mailako ikaslerik gehienak gaur bueltatu dira ikasgeletara. Herri handi nahiz txikietako ikastetxeek babes eta segurtasun neurriak hartu dituzte, eta taldeka banatuta edota sarrera mailakatuta sartu dira ikasleak.
Herririk handienetako ikastetxeetan adineka eta taldeka banatu dituzte ikasleak, ilaratan edo eskolako patioko gune ezberdinetan banatuta. Hainbat tokitan, tenperatura ere hartu diete umeei, ikasgeletara sartu aurretik.
DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek eta Batxilergokoek datorren astean ekingo diote ikasturte berriari. Lanbide Heziketan eta Goi Mailako Zikloetan berriz, hilaren 14tik aurrera hasiko dira, baina modu mailakatuan.
Irakasleen kezka
Irakasleen partetik ere, kezka eta zalantza ugarirekin hasi da ikasturtea. Hezkuntzako sindikatuek, greba deialdia egin dute hilaren 15erako, aurrez aurreko hezkuntzan “itzulera segurua eta adostua” izan dadila aldarrikatzeko.