Asteburu oparoa bailarako harrobi txirrindularitzaren etorkizunarentzat
Xabier Berasategi olaberritarrak amateur mailako Kantabriako Itzulia irabazi du. Liernin Unax Iztueta juniorra garaile, eta Urretxun Markel Galparsoro kadetea
Gizonezkoen txirrindularitzaren oinarriko egitura guztietan jo dute aldaba Goierriko txirrindulariek, asteburuko karreretan. Adinari eta mailari dagokionez, garaipen arranditsuena Xabier Berasategi olaberritarrak (Laboral Kutxa) lortu du, elite eta 23 urtepekoen Kantabriako Itzuliko sailkapen nagusia irabazi baitu.
Hiru etapa izan ditu, eta Colindreseko bigarren saioan (141 km) eta Los Corrales de Buelnako hirugarrenean (149 km) 2. helmugaratu zen Berasategi. Erregulartasun horrek eman dio azken garaipena. Larunbatean amaitu zen Kantabriako Itzulia, Los Corrales de Buelnan. 9 iheslariko taldean tartean zen Laboraleko Asier Etxeberria taldekidea ere eta Pelayo Sanchez etapa garaileari esprinta lehiatuz helmugaratu zen olaberritarra. 1:05eko aldea atera zuen.
Podiumean Sanchez eta Javier Romo (Baque) Espainiako txapelduna izan ditu lagun, hirurak denbora berean.
Xabier Berasategik (Olaberria, 2000) bigarren denboraldia du afizionatuetan, Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldean. Haren harrobian, Ampo taldearekin juniorretan garaipen sorta handia lortu zuen 2018an.
Liernin eta Urretxun
Igandean, Lierniko 39. Proban, Unax Iztueta baliarraindarra izan zen azkarrena, jokoan ziren bi zatiak batuta. Ampo taldeko mutilak segundo bakarrera utzi zuen nagusian Arkaitz Garmendia (Limousin), eta hirugarren Nikolas Alustiza zumarragarra (Bellota) geratu da, 27ra.
Errepideko lasterketan, 55 kilometrokoa, Garmendia izan zen indartsuena Lierniko helmugan. 5 segundo atera zizkion Iztuetari, eta 25 Gontzal Arregiri (Gaursa). Ondoren, Segurako bidegurutzetik Liernirako kronoiegoran, odolkiak ordainetan eman zizkion Iztuetak. Baliarraingoak irabazi zuen erlojupekoa (6:44), bigarren Alustiza 5era eta Garmendia 6ra utzita.
Urretxun, igande arratsaldean, Amelio Mendijurren 37. Oroimenekoan, Markel Galparsoro ataundarrak (Caja Rural) irabazi zuen. Kadeteen Gipuzkoako txapeldun da.