Azaroaren 14rako antolatu dute Xendapedalak BTT martxa Legorretan
Mendi bizikletarekin 23 eta 38 kilometroko bi ibilbide egiteko aukera emango du. Egoerak baldintzatuta atzeratu zuten ekainean egitekoa zen proba, eta azarorako antolatu dute.
Iragan ekainaren 6an ziren egitekoak Xendapedalak BTT martxa Legorretan, baina COVID-19ak baldintzatuta, antolakuntzak erabaki zuen, bertan behera uztea, eta aurrerago egitea; horrela, azaroaren 14rako antolatzea aurreikusi dute. Antolakuntza taldean lanean diharduen Iñigo Lasa legorretarrak nabarmendu du, proba «xumea, partaide gehiegirik ez duena izatea, abantaila» dela, «gaur-gaurkoz ekitaldiak antolatzeko dauden oztopoen aurrean».
Xendapedalak ekimeneko antolakuntzak mendi bizikletaren zaletuei entrenatzen joateko deia egin diete. Azaroaren 14an, 250 pertsona espero dituzte irteera puntuan. Momentuz, 150 inguruk eman dute izena. Lasak aurreratu du «osasun larrialdiak behartuta, protokolo berezia jarraituko» dutela, «partaideen segurtasuna bermatzeko».
Aurreko edizioetan bezala, ez da ibilbide bakarra izango, bi baizik. 23 kilometrokoa bata, eta 38koa bestea. Desnibela berriz, 900 metro eta 1800 metro artekoa izango da. Legorretatik abiatuta, inguruko mendi eta herrietara gerturatuko ditu partaideak, beste behin. Kirol proba horrek, mendi bizikletari indarra ematea du helburua, baina era berean, ingurua ezagutzeko aitzakia ere bada.
Proban parte hartzeko izen ematea zabalik dago www.kirolprobak.com webgunean. Irailaren 13a baino lehen egiten dutenek, probaren egunean mailota jasoko dute.