Serrano Gartziandiari nagusitu zaio urretxuarren arteko derbian
Irungo Bidasoak 30 eta 25 irabazi dio Frantziako PAUC taldeari, Europa Ligako kanporaketan. Iker Serranok hiru gol sartu ditu eta Imanol Gartziandiak lau
Bidasoa eskubaloi taldeak 30 eta 25 irabazi dio estatu frantziarreko PAUC taldeari eta, horrenbestez, Europa Ligako bigarren kanporaketa jokatuko du. Partida oso berezia izan da Urretxuko eta Zumarragako eskubaloi zaleentzat, Urolaren harrobiko bi jokalarik parte hartu baitute: Iker Serrano eta Imanol Gartziandia urretxuarrek.
Bidasoa taldeko Serrano gustura ageri da, noski. «Oso ondo jokatu genuen eta partida osoa aurretik joan ginen. Kanporaketa gainditzea lortu dugu eta oso pozik gaude».
Bidasoako jokalari askok urte asko daramatzate elkarrekin jokatzen eta, Serranoren ustez, hori izan zen garaipenaren gakoa. «Beraiek jokalari berri asko dituzte eta entrenatzailea ere berria da. Gu zalantza gutxiagorekin atera ginen. Gure entrenatzailea oso fin ibili zen, aurreko denboraldiko jokalariak erabili baitzituen».
Serrano gustura gelditu zen egindako lanarekin. «Bizkarreko minarekin ibili naiz eta igandean bertan fisioterapeutarengana joan nintzen. Ez nituen sentsazio onak, baina partidan zehar oso ondo sentitu nintzen. Ea bigarren kanporaketan noren aurka jokatzea tokatzen zaigun. Aurkari oso gogorrak daude», aipatu du.
Gartziandia ez dago horren pozik egindako lanarekin. «Espero genuena gertatu zen, gutxi gorabehera. Bidasoak baino entrenamendu gutxiago egin ditugu eta gasolinak 50 minutu bakarrik iraun zigun. Partida guztia atzetik eman genuen. Gerturatzen ginen bakoitzean alde egiten ziguten. 13 baloi galdu genituen eta hori gehiegi da Bidasoa bezalako talde baten aurka jokatzen ari zarenean», azaldu du.
Gainera, Serranok esan bezala, PAUC taldeak entrenatzaile berria du eta jokalari askok igandean jokatu zuten lehen aldiz taldearekin. «Dena berria da eta horrek ez du gure alde jokatu. Partida batzuk behar ditugu taldea sendotzeko. Ez genuen partida txarra jokatu, baina egindakoa ez zen nahikoa izan».
Gartziandiak partida txukuna egin zuela uste du, baina argi du oraindik asko dutela hobetzeko. «Lehenengo partida zela kontuan izanda, gustura nago egindako lanarekin. Baina igandeko partidak egindakoa baino lan hobea eskatzen zuen».
Europatik kanpo gelditu direnez, Ligan eta Frantziako Kopan ahalik eta lan onena egitea izango da beraien helburua. «Bagenekien Europa Ligako kanporaketa gogorra izango zela, baina ez genuen espero horren gogorra izatea. Orain Ligan ahalik eta postu onena lortzen eta Kopan lan ona egiten saiatuko gara», amaitu du.