Maddi Ane Txoperena, Igartza Sariko 23. bekaduna
'Ez erran inori' nobela proiektuarekin irabazi du saria. 2022ko udaberrian kaleratuko du lana
Maddi Ane Txoperenak irabazi du 23. Igartza Literatura Saria, ‘Ez erran inori’ nobela proiektuarekin. Lidek sexu erasoak pairatuko ditu txikia zela eta gaztaroan sufritzen dituen ondorioen inguruan eraiki du istorioa. Txoperenak onartu du gai zaila dela, baina ixilik egotea mingarriagoa dela dio. “Datuen arabera bost umetik batek erasoren bat jasan du. Asko dira, baina ez da horrenbeste hitz egiten. Aipatzen diren kasu gehienak elizaren barruan gertatutakoak dira, baina beste horrenbeste gertatzen dira etxean eta familia inguruan”. Lide hurbileko batek erasotuko du.
Nobela 2022ko udaberrian kaleratuko da. Idazleak iragarri du estilo zuzena eta gordina izango duela. Era berean, Nafarroa iparraldeko eta Lapurdiko euskalkiak nahastuko ditu, istorioa Ipar Euskal Herrian kokatu baitu, Donapaule eta Baiona artean.
Txoperana kazetaria da ogibidez. Berrian egunkarian egiten du lan. Bertsolaria ere bada afizioz, eta maiatzean bere lehen liburua aurkeztu zuen: ‘Ene baitan bizi’.