Emozioen lanketarako ikastaroak antolatu dituzte Idiazabalen
Urriko astelehenetan Emoziotegia izango da eta azarokoetan zaintzaren ingurukoa. Irailaren 15a baino lehen eman behar da izena. Enara Izagirrek gidatuko ditu saioak.
Idiazabalgo Udalaren aurtengo ikastaro eskaintzan emozio eta zaintzaren inguruko bi ikastaro berri daude. Batetik, Nork zaintzen nau ni? ikastaroaren helburua, zaintzaren inguruko hausnarketa egitea da. “Sentimenduak identifikatu eta kudeatzeko tresnak landuko dira”. Emoziotegia ikastaroaren helburua, berriz, “egunerokotasuneko sentimenduak identifikatu, onartu eta kudeatzeko tresnak lantzea da”.
Ikastaroak Enara Izagirre coach-trebatzaileak emango ditu. Izagirre Harago aholkularitzako kidea, Lidergo eta talde lanerako konpetentzietan formatzaile, trebatzaile eta coacha eta ahalduntze eta garapen prozesuetan aditua da.
Zaintzaren inguruko ikastaroa urrian izango da, astelehenetan, bi orduko saioetan. Emozioen ingurukoa, berriz, azaroko astelehenetan, bi orduko saioak kasu honetan ere.
Ikastaroak doakoak dira, eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza lortu du udalak antolaketarako. Parte hartu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute irailaren 15a baino lehen.