Ordiziako Gazta Txapelketa, Arabara
Larrea herriko Patxi Lopez de Uralde gaztagileak jaso du Ordiziako sari nagusia, COVID-19aren aurkako neurriek markatutako edizioan. Enkantean 9.200 euroan saldu dute gazta erdia.
Ordiziako Gazta Txapelketaren 47. edizioa jokatu dute gaur, seguru asko, inoizko bereziena. COVID-19a dela eta, ateak itxita eta neurri bereziekin egin behar izan dute. Publikoan ohi baino jende gutxiago zegoen, baita epaimahaikoan ere. Gaztagileek, ordea, ez dute hutsik egin. Aurten guztira 43 gaztagile aurkeztu dira lehiaketara, 18 Gipuzkoakoak, 11 Nafarroakoak, 10 Arabakoak eta 4 Bizkaikoak.
Epaimahaikoak lehen dastaketa egin eta gero, eguerdi aldera jakinarazi dute hamalau finalisten zerrenda. Esperantza sortu da Goierriko eskoizleen artean, eskualdeko lau ekoizle baitzeuden finalisten artean. Atzera hamalau gazta finalistak dastatu eta bost irabazleen zerrenda jakinarazi dute gero. Bostetik hiru sari Arabara joan dira, tartean, Patxi Lopez de Uralde irabazlearena. Berak ez du gaur Ordizian izaterik izan, baina Pascual aitak jaso du saria haren partez. Bazekien lehiaketarako “oso gazta ona” aukeratu zutela, eta “oso gustura” jaso du saria. Larreako gaztandegiak bigarren urtez irabazi du Ordiziako lehiaketa, 2003. urtean ere haiek eraman baitzuten sari nagusia.
Sari banaketaren ondotik, enkantea hasi da. Sukaldarien ohiko lehen eskaintzen ondotik, Igarako Tecnomoto motor dendako Alberto Fernandez izan da eskainztarik handiena egin duena, 9.200 eurokoa, eta hark eraman du gazta erdia etxera.
Esker oneko mezuak
Edizio berezi honetan, esker oneko mezua eman nahi izan dute Gazta Kofradiak eta Ordiziako Udalak. Adur Ezenarrok aitortu du “zaila” izan dela egoera honetan lehiaketa antolatzea, baina beharrezko ahalegina izan dela uste du, “gure artzainen eta baserritarren lana lau haizeetara” zabaltzeko balio duelako. Parte hartu duten 43 artzainei eta antolakuntzan lagundu duten erakunde guztiei ere esker oneko hitzak eskaini dizkie.
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako Leire Arandiak ere, “segurtasuna bermatzeko ahalegin handia” egin dutela gogorarazi du. Epaimahaiko kideak ere gogoan izan ditu; guztiei eskerrak eman dizkie hainbesteko ilusioarekin lana egiteagatik. “Datorren urtean guztiak itzultzea espero dut”.
SAILKAPENA
- 1. Patxi Lopez de Uralde Fernandez (Larrea, Araba)
- 2. Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga (Araia, Araba)
- 3. Mausitxa (Elgoibar)
- 4. Zabaleta (Munain, Araba)
- 5. Ipiñaburu (Zeanuri, Bizkaia)