Zeraingo etxebizitza publikoen inaugurazio instituzionala egin dute
Zortzi etxebizitza dira eta dagoeneko beteta daude. Ia lau urte iraun ditu proiektuak. Bioeraikuntza irizpideak jarraitu dituzte etxebizitzak egiteko.
Ia lau urte pasa dira Zeraingo Udalak Antxaputzuko etxebizitza sozialen proiektua martxan jarri zuenetik. 2016. urte bukaeran Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako beste proiektu batzuk begiratzen hasi zen udala antzerako zerbait herrian ezartzeko, eta gaur egin dute erakunde mailako inaugurazioa.
Zortzi etxebizitza dira, jabetza publikokoak. Dagoeneko beteta daude, baina itxaron zerrendan izena eman daiteke. Amaia Junquera Zeraingo alkateak azaldu du egitasmoaren helburua gazteen emantzipazioa bultzatzea eta bakarrik bizi diren adinekoei ere herrian geratzeko aukera ematea dela. Gehienez ere, 260 euro inguruko alokairua ordainduko dute errentariek.
Guztira 565.000 euroko aurrekontua izan du Zeraingo Udalak proiektua ontzeko. Batetik, Eusko Jaurlaritzak 380.000 euroko diru laguntza jaso du proiektua egiteko eta Fiare Banka Etikak, bestetik, ia 200.000 euroko mailegua eman dio. Hilabetero gazteek ordainduko dutenarekin itzuliko dute 15 urteko epean. IHOBE ingurumen hobekuntzarako sozietate publikoak ere 25.000 euroko diru laguntza eman dio udalari oinezko bidea finantzatzeko.
Inaugurazioan Mario Ioldi Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak udalaren jarrera azpimarratu du: “Borondate politikoa behar da proiektu hauek egiteko eta Zeraingo Udalak interesa erakutsi du”.
Oreka Arkitekturak gidatu du lana. Eraikuntza-lanak 2019an hasi eta abuztuan amaitu zituzten. “Bioeraikuntza irizpideak” jarraitu dituztela azaldu du Nagore Tolosa arkitektoak. Egurra, karea eta isolamendu naturalak erabili dituzte, besteak beste.