Larreako gazta ketua irabazle
Patxi Lopez de Uraldek irabazi du Ordiziako 47. gazta lehiaketa. Edizio berezia izan da, egunez eta formaz aldatuta, eta segurtasun neurri ugarirekin. Enkantean, 9.200 euro
Ordiziako gazta lehiaketaren 47. edizio berezia irabazi eta lau egunetara, «uneko euforia igaro da, baina poza oso handia da oraindik» Patxi Lopez de Uralderen Larreako Gaztak gaztandegian. Arabako Larrea herrian kokatuta, bertan martxoaren 12an egindako gazta ketu eta, epaimahaikideen esanetan, «zaporetsu» batek eraman zuen Ordiziako titulu estimatua ostiralean, irailak 11. Haren erdikak, berriz, 9.200 euroko balioa jaso zuen enkantean, Donostiako Tecnomotor dendako Alberto Fernandezek egindako eskaintzarekin.
Berezietan bereziena eta ezohikoena izan da aurtengo Ordiziako gazta lehiaketa. COVID-19aren pandemiak eraginda, egunez eta formaz aldatuta egin da, Euskal Jaien babesik gabe eta, asteazkenean izan ordez, ostiralean. Beti-Alai pilotalekuan egin da, publikoarentzat ateak itxita zeudela, eta segurtasun neurri zorrotzak hartuta. Epaimahaikideen kopurua murriztu egin zen, eta gaztak dastatzeko modua aldatu.
Baina gaztagileak aldaketa horien guztien jakitun ziren eta ez zuten hutsik egin; 43 aurkeztu ziren, 18 Gipuzkoakoak, 11 Nafarroakoak, 10 Arabakoak eta 4 Bizkaikoak. Goierritarrak ere baziren tartean, eta finalera igaro ziren 14ren artean Joseba Insausti ordiziarra, Francisco Javier Muñoa zeraindarra eta Ander Barandiaran idiazabaldarra sartu baziren ere, lehen postuetara ez ziren iritsi. Goierritarrak ez, baina arabarrak bai, irabazlearekin batera, bigarren eta laugarren postuak ere Arabako beste bi gaztandegietarako izan baitziren: Araiako Lekuonarentzat eta Munaingo Zabaleta kooperatibarentzat, hurrenez hurren.
Urte osoko lanari aitortza
Lopez de Uraldetarren Larreako Gaztak Ordizian irabazten duen bigarren aldia da. 2003an aita Pascualek jantzi zuen txapela, eta lehengo ostiralean ere berak jantzi zuen. Patxi, berriz, artaldea eta gaztandegia zaintzen geratu zen Larrean, eta Ordizian ez izanagatik pena pixka bat baduela aitortu du.
Baina «familia osoa oso pozik» dagoela dio, «urte osoko lanari aitortza» egin diotelako, eta horrek «aurrera jarraitzeko gogoa» eman die. Aurtengoa oso urte berezia izan dela azaldu du, Larreako gazta etxean saltzen dutelako, eta ia hiru hilabete egon direlako saldu gabe. Sari horrek salmentari «bultzada handia» emango diola uste du, eta alde horretatik, asteburua «eromena» izan dela dio. Ohiko bezeroak izan dituzte nagusiki, baina berriak ere bai. Denentzako, «saria irabazi duena bezain gazta ona» egiten jarraituko dute.
Enkantean, 9.200 euro
Saritutako gazta horren erdia Donostiara eraman zuen Igara auzoko Tecnomoto motor dendako Alberto Fernandezek, harengatik enkantean 9.200 ordaindu eta gero. Atzo oraindik gazta probatzeko zeukaten.
Fernandezek azaldu duenez, «enpresaren 20 urteurrena ospatzeko aitzakian» parte hartu zuten enkantean.












