Diru laguntzak emango dizkie Idiazabalgo Udalak enpresa kaltetuei
Komertzio txiki, ostalaritza establezimendu, autonomo zein enpresa txikientzat izango dira diru laguntzak

CoOVID-19ak eragindako kalteak arintzeko diru laguntzak emango ditu Idiazabalgo Udalak. Komertzio txiki, ostalaritza establezimendu, autonomo zein enpresa txikientzat izango da. Helburua jarduera ekonomikoa eteteak sortu dituen kalte ekonomikoak jasan dituztenei laguntza ematea da. Eskaera egiteko enpresa-jarduera Idiazabalen izatea derrigorrezkoa da. Apirileko eta maiatzeko fakturazioak izango dituzte kontuan diru laguntzak ematerakoan: iazkoarekin alderatuta %40 edo gehiago murriztu bada jaso dezakete laguntza. Gainera, alarma egoera amaitu eta lau hilabetez gutxienez jarduera martxan eduki behar izan dute eskaera egiteko. Idiazabalgo Udalean edo Internet bidez eska daitezke, doan.
Aurkezteko agiriak
Eskaera egin ahal izateko hainbat agiri aurkeztu behar dituzte interesa dutenek: NANaren fotokopia eskatzailea pertsona bada eta IFZren fotokopia enpresa bat bada; Jarduera Ekonomikoen Zergaren ziurtagiria ere erakutsi behar dute, eta baita jarduera burutzen duela egiaztatzen duen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Alta historikoa ere; Gizarte Segurantzaren betebeharretan egunean egotearen ziurtagiria; autonomoen hartu agiria; apirila eta maiatzeko fakturen erregistro-liburua eta 2019 eta 2020ko 2. hiruhilabeteko autolikidazioa; eta langileen kontratuaren kopia bat.