Hitzarmenaren alde borrokan jarraituko du ArcelorMittal Olaberriako LAB sindikatuak
Sindikatuak ez du nahikotzat jotzen CCOO, ELA eta UGT sindikatuek Zuzendaritzarekin sinatu berri duten aurreakordioa
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/09/arcelor_mittaleko_langilee-1200x799.jpg)
ArcelorMittal Olaberriako LAB sindikatuak komunikatu batean adierazi duenez, ez du nahikotzat jotzen CCOO, ELA eta UGT sindikatuek Zuzendaritzarekin sinatu berri duten aurreakordioa, haien ustetan langile batzarrean adostutako helburuetatik urrun dagoelako.
“Gure ustetan borrokari jarraipena emateko momentua da. Izan ere bi hilabete igaro dira langileok batzarrean ELA eta UGT sindikatuek gutxiengoan sinatutako aurreakordioa atzera bota genuenetik”. Batzar horretan ere beste zenbait puntu adostu zituzten, hala nola lau ardatz dituen plataforma berria eta horren alde borrokatzeko mobilizazio agenda. Plataformak bere gain hartzen ditu: egutegiak, sorospen kutxa, soldata igoera eta enplegua.
Osasun krisiak eragindako egoera dela eta, eta Zuzendaritzaren aldetik mobilizazioen baitan mehatxuak jaso dituztela argurdiatuta, azkenean hauek plataformako edukiez hitz egiteko mahai negoziatzailean esertzea lortu zutela adierazi dute. Egutegien gaiaren inguruko aldarrikapenak onartu dituzte azkenean, eta hori dela eta “modu positiboan baloratzen dute orain arteko borroka”.
“Ordea Zuzendaritzaren asmoa hasieratik izaten ari da aldarrikatu ditugun edukirik jasoko ez duen hitzarmena lortu nahian, lan baldintzen kaskartzea eta enplegu suntsiketa dakartzana”, adierazi dute komunikatuan. Hori dela eta, ez datoz bat azken bileran beste sindikatuek aurreakordioa sinatzeko hartu zuten erabakiarekin, haien ustetan sorospen kutsa, soldata igoera eta enpleguari dagokionean aurreko aurreakordioarekin konparatuz ez baitute aurrerapausorik eman CCOO, ELA eta UGTk hau sinatu ostean.
Aurreakordioa bozketara eraman nahi den modua ere kezkagarritzat jo dute, hiru sindikatuak ados jarri baitira langile asanblada burutu dadin ukatzeko. “Pandemia aitzakiatzat hartuta (uztailean asanblada burutu genuenean eta modu seguruan gainera) hautetsontziak jarri eta modu indibidualean langile bakoitzak bai edo ez bozkatuko duela erabaki da”, eta adierazi dutenez modu honetan langileei hitza hartzeko aukerarik gabe utzi dituzte. Hori dela eta, erabakia berraztertzeko eta langileek aurreakordioa babesten duten edo ez erabakitzeko asanblada bat egitea eskatu dute.
“Esan bezala, ArcelorMittal Olaberriako LABeko kideok uste dugu edukiei dagokionez ezarri ziren helburuetatik urrun geundela eta aurreakordioaren sinadurak garamatzan borrokaren desaktibaziora beharrean mobilizazioa eta borroka bultzatzeko momentua dela hitzarmen duin bat lortzeko” adierazi dute komunikatuaren amaieran.