Koronabirusetik babesteko inbertsioetarako diru laguntzak, hilaren 30era arte
Legazpiko Udalak herriko autonomo eta 10 langiletik beherako enpresentzako diru laguntzak eskaini ditu
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/07/legazpiko_plaza___euskal_h-1200x800.jpg)
Legazpiko Udalak herriko autonomoei eta 10 langiletik beherako enpresei zuzenduta, diru laguntzak kaleratu ditu COVID-19tik babesteko egin dituzten inbertsioetarako. Eskaerak egiteko epea hilaren 30ean amaituko da.
Mikro-enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritza biziberritzeko udalak iaz martxan jarritako programaren barruan kokatzen dira diru laguntza horiek, baina aurtengo deialdian, COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoak direla eta, baldintzak errotik aldatu ditu eta laguntzak birbideratu ditu.
Horrela, 2020an jarduera eten egin behar izan duten autonomoentzako eta 10 langiletik beherako enpresentzako izango dira laguntzak aurten, baita 2019ko urritik 2020ko martxora bitarteko hileko batez bestekoarekin alderatuta, apirileko fakturazioa % 75 baino gehiago murriztuta ikusi dutenentzako ere.
Lagunduko diren inbertsioak, berriz, honako hauek dira: prebentzio eta osasun higieneko ekipoen erosketa, espazioak eta altzariak egokitzea, eta osasun krisiarekin zerikusia duen beste edozer. Diru laguntzen zenbatekoa egindako inbertsioaren kostuaren % 70era artekoa izango da, 600 euroko mugarekin.
Legazpiko Udalak, guztira, 25.000 euro bideratuko ditu laguntza horietarako.