Langabetuentzako soldadurari buruzko ikastaroa hasi dira
Beasaingo eta Ordiziako Udalek eta Goierri Lanbide Eskolak elkarlanean eskaintzen dituzte langabetuentzako formakuntza saioak
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/09/formazioagoierrieskola-1200x674.jpg)
Ikasketak dituzten langabetuak lan mundura sartzeko bidea zabaldu dute Beasaingo eta Ordiziako Udalek Goierri Lanbide Eskolarekin batera. Soldadura ikastaroei ekin diete aste honetan. Enpresen beharretara egokitutako ikastaroak dira, eskari handia dagoen esparrua baita. Ikasleek hiru soldadura teknologia landuko dituzte, eta ikasitakoa praktikan jartzeko, ikasturtea amaitzeko 200 orduko praktikaldia egingo dute.
Lan mundura hurbildu nahi dituzte langabetuak hala. Beasaingo Udalak aipatu du COVID-19ak eragindako krisia dela eta “inoiz baino gehiago” ari dela lanean langabeziaren aurka. “Lana oinarrizko eskubidea izanik bizi kalitatean eragin zuzena du eta pertsonei duintasuna ematen die. Horrela, legegintzaldi hasieratik martxan jarritako egitasmoak mantentzen dira, batez ere langabezian dauden pertsonen ezaugarriei erreparatuz, eskualdeko enpresen lan eskaintzari lotzen zaien formazio saioak antolatuz”.