Olentzerok Mirandaolara urtero egiten dituen bisitak prestatzen hasi da Lenbur
Azaroko eta abenduko asteburuetan egingo dira. Bisitari bakoitzeko 6 eurokoa da prezioa, eta aurretik egin behar da txandaren erreserba. Euskal Herri osotik etortzen dira familiak
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/09/2020-09-16-p007_f01.jpg)
Urte berezia izan arren eta datozen hilabeteak nolakokak izango diren oraindik jakiterik ez bada ere, Lenbur Fundazioak gonbidatu du berriz ere Olentzero azaroaren hasieratik Gabonak bitarteko asteburuetan Legazpiko Mirandaola parkera etor dadin. Olentzerok, maskara jantzi beharko duen arren eta hainbeste maite dituen haurrengana gehiegi hurbiltzerik izango ez badu ere, baiezkoa esan du, eta Lenburrek antolatzen duen familia plan horretan parte hartzeko konpromisoa hartu du. Azaroan hasi eta ia Gabon bezperara arte, Mirandaolan izango da.
Euskal Herri osotik iritsiko diren familien bisitak antolatzen hasi da Lenbur. Asteburuetan izango dira: azaroaren 7, 8, 14, 15, 21, 22, 28 eta 29an, eta abenduaren 3, 5, 6, 7, 8, 12, 13, 19, 20, 21, 22 eta 23an. Ordutegi aukera, bestalde, zabala da: egunero, 10:00, 10:45, 11:30, 12:45, 13:00, 14:45, 15:30, 16:15, 17:00, 17:45 eta 18.30ean. Txanda guztiak euskaraz dira, azaroaren 28ko 12:15ekoa eta abenduaren 7 eta 8ko 12:15ekoak izan ezik. Familiei zuzendutako txandak dira horiek; ikastetxeentzat astegunetan izango da aukera.
Jarduera honen prezioa laguneko 6 eurokoa da, eta aldez aurretik erreserbatu beharko da tokia, 666 439 993 zenbakira deituta edo www.lenbur.com webgu- nean.
Bisitaren egitura
Txanda edo bisita bakoitzean egitura bera errepikatuko da. Hitzordua Euskal Burdinaren Museoaren aurrean egiten da, eta bisita museo horretan bertan hasten da, non ipuin kontalari baten eskutik Olentzeroren ikazkin lanbidea ezagutzeko aukera izango den. Olentzero beraren historia, Mari Domingirena eta Napoleon astotxoarena ere azalduko ditu ipuin kontalariak.
Ondoren, museotik kanpora irten eta basotik behera datorren Olentzeroren bila joango dira familiak, Burdintxo pertsonaiak lagunduta. Olentzerorekin elkartu ondoren, bisitari guztiak Mirandaolako burdinolara joango dira, eta han haurrek Gabonetako pertsonai kuttun horrekin egoteko aukera izango dute, gutunak edo txupeteak emateko edo argazkiak ateratzeko.