Zaldibiako Udalak “Harrera eguna” antolatu du ostegunerako
2019ko irailetik 2020ko irailera bitartean Zaldibian erroldatu diren herritarrei ongi etorria egingo zaie
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/09/horizontal-95bcd6cd79447741038eb3aeb90daa8848861990577-d08e437b61-wjpg.jpg)
Pasa den urteko irailetik 2020ko irailera bitartean Zaldibian erroldatu diren herritarrekin harremanak estutzeko asmoz, Zaldibiako Udalak lehenengo “Harrera eguna” antolatu du ostegun honetan arratsaldeko 18:00etan, Berdintasuna, Hezkuntza, Gazteria eta Aniztasun lan-arloaren eta Etxekonekok elkartearen sustapenarekin.
Ekitaldian parte hartuko duten guztiak udaletxe azpiko arkupean bilduko dira, eta jarraian herrian zehar ibiliko dira leku esanguratsuenak ezagutzeko asmoz. Gainera, udal zerbitzuen berri jasoko dute eta herriko eremu, erronka eta balioak zein diren erakutsiko diete udal ordezkariek eta hainbat eragiletako ordezkariek. Ibilbidea euskaraz egingo den arren, uneko itzulpenak egiteko hainbat herritarren laguntza egongo da.
Covid-19ak sortutako osasun egoera dela eta, ekitaldia aire zabalean egingo da, talde txikitan, musukoa erabiliz eta uneoro distantziak mantenduz. Zaldibiako Udalak adierazi du ekimen hau urtero errepikatzeko asmoa dagoela, eta “datorren urtekoa normaltasunez eta era irekiago batean egitea” espero dutela.