Zeraingo azoka ekologikoa igandean egingo dute neurri guztiak hartuta
10:00etatik 14:00etara bitartean izango da, Zeraingo frontoian. Hamabostaldia izaten da Zerainen Udako azoka ekologikoen kanpainaren barruan, baina aurten azoka soilik egingo dute.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/09/img_9952.jpg)
Gaur egin dute Zeraingo kultur etxean azoka ekologikoaren aurkezpena. Igandean izango da, irailaren 20an, Zeraingo frontoian, 10:00etatik 14:00etara. Neurri guztiak hartuta egingo dute. Udako azoka ekologikoen kanpaina urtero egiten du Biolurrek, eta Goierrin hamabostaldia izaten da.
Aurten, ordea, azoka bakarrik egingo dute. Maider Zubikarai Biolur elkarteko teknikariak azaldu du, besteak beste, “baserritar eta ekoizleak ikustaraztea eta kontsumitzaile eta ekoizleen arteko harremanak indartzea” duela helburu udako azoka ekologikoen kanpainak, eta aurten indarra hartu duela nezakaritzaren balioaren aldarrikapenak : “Azokak itxi zirenean jomugan jarri zen komunitatea, eta guretzat garrantzitsua izan da hau egitea”. Ioritz Berra Goimen Landa eta Garapenerako elkarteko teknikariak gaineratu du pandemiak agerian utzi duela “bertako produktuak kontsumitzeko nahia eta beharra”.
Azoka neurri guztiak hartuta egingo dela azpimarratu dute: “Lekuz aldatu dugu azoka, frontoian izango da eta ez plazan, ibilbidea markatuko dugu eta gehienezko aforoa ezarriko dugu”, esan du Amaia Junquera Zeraingo alkateak. Goierritarrak animatu dituzte inguratzera: “Espero dugu jendea lasai etortzea neurri guztiak hartu ditugulako”.