"Aftersun jaialdia" ospatuko dute Ordizian datorren asteburuan
Ordiziarrockeko lan taldeak kontzertuak eta astronomia gaua batuko dituen jaialdia antolatu du irailaren 26an
“Ordiziarrock Ekintzak” lan taldeak sare sozialetan jakinarazi duenez, “Aftersun jaia” izeneko musika jaialdia antolatu du irailaren 26an, kontzertuak eta astronomia gaua batuko dituena. Ekitaldia Oiangun ospatuko da, eta bertan lau musika taldek hartuko dute parte: Iker Lauroba & beste urtaroak, Esanezin, Xabier Crehuet eta Rafa Ruedak. Horrez gain, Monky Man DJ-a ere egongo da bertan ingurua girotzeko. “Badakizue gure iparra zuzeneko kontzertuak direla, eta espero dugu jaialdi hau kontzertu gosea pixka bat asetzeko modukoa izatea”, adierazi dute.
Jakinarazi dutenez, kontzertuetan erabiliko den argindar guztia energia fotovoltaiko bidez sortua izango da. Hori dela eta, energia mota honek dituen aplikazio ezberdinen erakusketa ere egingo dute egun honetan. Kontzertuez gozatzeko, mahaiez gain partzelak ere egongo direla aipatu dute.
Koronabirusak eragindako egoera dela eta, aforoaren zati bat gonbidapen bidez banatuko dute dohainik, eta horretarako aftersunoiangu@gmail.com posta elektronikora idatzi beharko dute interesa dutenek. Hala ere, gonbidapenik gabe geratu ezkero, egunean bertan Oiangu parkean banatuko dituztela azaldu dute. Ekintza guztietan gaur egungo egoerari egokitutako segurtasun neurriak egongo dira. Laster xehetasun gehiago emango dituzte beraien Facebookeko orrialdean.