Azoka ekologikoa egingo dute Zeraingo frontoian igandean, 10:00etan hasita
Biolurrek urtero antolatzen duen udako azoka ekologikoen kanpainaren barruko ekintza da. Zeraingo 26. azoka ekologikoa izango da. Guztira 24 ekoizleren produktuak egongo dira
Biolur Gipuzkoako nezakari eta ekoizleen elkarteak urtero antolatzen du udako azoka ekologikoen kanpaina baserritar eta ekoizleak ikustarazteko helburuz. Zerainen hamabostaldia egin ohi dute, baina aurten, COVID-19a dela eta, azoka eguna egingo dute bakarrik, Zerain Dezagun Fundazioarekin elkarlanean. Igandean izango da, frontoian, 10:00etatik 14:00etara.
Gipuzkoako hainbat lekutako ekoizleen produktu ekologikoak erosteko aukera izango da. Halere, ez da festarik egongo: «Festa bezala ezagutzen dugu herrian azoka, baina aurten ez da halakorik egongo; baina garrantzitsua iruditzen zaigu ekoizleei haien produktuak saltzeko aukera ematea», azaldu du Amaia Junquera Zeraingo alkate eta Zerain Dezagun Fundazioaren presidenteak. Guztira 24 ekoizlek jarriko dituzte postuak. Maider Zubikarai Biolur elkarteko teknikariaren arabera, aurten indarra hartu du nekazaritzaren balioaren aldarrikapenak : «Azokak itxi zirenean jomugan jarri zen komunitatea, eta guretzat garrantzitsua izan da hau egitea». Zeraingo azoka ekologikoaren 26. edizioa izango da.
Neurriak hartuta
Azoka neurri guztiak hartuta egingo dute. Plazan izan ohi da, baina aurten frontoian egingo dute. Bestalde, ibilbidea markatu eta gehienezko aforoa ezarriko dute. Goierritarrak bertaratzera animatu dituzte: «Espero dugu jendea lasai etortzea neurri guztiak hartu ditugulako», adierazi du Junquerak.













