Erreka egunik ez da egingo Legazpin
Urola eta horren ibaiadar txikiak ez dira garbituko azken urteetan bezala, baina errekak garbi mantentzeak duen garrantzia azpimarratzeko asmoz, eskualde mailako bideo bat egingo dute eta irailean zabalduko dute sare sozialen bidez.
Legazpiarrek ez dute Erreka egunik egingo aurtengo irailean, COVID-19aren ondorioz. Horren ordez, eta ibaiak garbi mantentzearen garrantzia azpimarratzeko eta Legazpin egin ohi izan den ekintzari dagokion balioa aitortzeko helburuz, eskualde mailako bideo bat egingo du udalak, eta sare sozialen eta Urola Telebistaren bidez zabalduko du hilaren amaieran.
Erreka eguna hitzordu garrantzitsua da Legazpin 2004az geroztik. Irailean egin ohi den sentsibilizazio jarduera da, herriko ikastetxeen, Ingurugelaren eta Katagorri ehiza eta arrantza elkartearen laguntzarekin udalak antolatutakoa. Ehun-bat legazpiarrek parte hartzen dute urtero ekintza horretan, Legazpi parteko Urola ibaia eta erreka txikiak garbituz. 16 urteko ibilbidean, 15,6 tona hondakin bildu dira guztira.
2012an, Erreka Egunaren 10 urte proiektuak Udalsarea 21 tokiko iraunkortasun-praktika onenen saria jaso zuen, Jasangarritasunerako Hezkuntza kategorian.