Nerea Gabirondo arduratuko da Zumarragan Euskaraldia sustatzeaz
Udalak eta Zintzo-Mintzok hitzarmen bat sinatu dute. Parte hartu nahi duten entitateek Euskaraldiaren webgunean eman behar dute izena. Izena emateko epea 27an itxiko dute
Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak eta Zumarragako Udalak hitzarmen bat sinatu dute Euskaraldia sustatzeko eta Nerea Gabirondo kontratatu dute. Gabirondo Euskaraldia dinamizatzeaz arduratuko da.
Hitzarmenaren helburua ahalik eta entitate gehienek Euskaraldian parte hartzea da. Zumarragako Udalak izena eman du dagoeneko. Udalak 10 arigune identifikatu ditu, zeinak bermatuko duten Euskaraldiko 15 egunetan (eta urteko gainontzekoetan) euskaraz hurbiltzen den herritarrak ez duela bere hizkuntza aldatu beharrik izango.
10 ariguneak herritarren harrera, udaltzaingoa, zerga bilketa, gizarte zerbitzuak, kultur etxea, kiroldegia, hirigintza, alkatetza, idazkaritza eta kontu hartzailetza dira.
Euskaraldian parte hartzeaz gain, udalak harremana euskaraz izan nahi duten herritarrekin tramitazio guztia euskaraz egiteko lan egiten ari da. Gainera, udalak herritarrak harremanak euskaraz izatera animatu ditu.
Zintzo-Mintzori dagokionez, 1990eko hamarkada hasieran sortu zen eta ia 30 urte hauetan abian jarritako ekimen gehienak Zumarragako eta Urretxuko udalen laguntzarekin jarri ditu. Duela bi urte, Euskaraldiak euskararen erabilera handitzeko balio zezakeela iruditu zitzaien eta langile bat hartu zuten: Manex Mantxola.
Duela bi urteko datuak
Euskaraldiak arrakasta izan zuen Zumarragan eta Urretxun. Bi herrietan 16 urtetik gorako 2.416 lagunek eman zuten izena: 1.561 ahobizi (%64,6) eta 855 belarriprest (%35,4). Zintzo-Mintzok kale neurketa egin zuen eta Euskaraldiaren astean hiru elkarrizketatik bat euskaraz izan zen: azken 17 urteetan neurtutakoa baino hamar puntu handiagoa. Euskaraldiaren hurrengo astean, kaleko elkarrizketen %29,5 euskaraz izan zen.
Hala, aurten ere Zintzo-Mintzok Euskaraldia sustatzea erabaki du. Horretarako, Zumarragako Udalarekin hitzarmena sinatu du eta Gabirondo kontratatu dute.
Gabirondo lanean hasi da dagoeneko. «Hurrengo bi asteak garrantzitsuak dira, Euskaraldian denda edo kultur elkarte modura izena emateko aukera egongo delako. Gure asmoa ahalik eta establezimendu gehienengana iristea da, proposamena azaltzeko. Zer behar da entitate bezala izena emateko? Ba elkarte, klub, talde, denda edo tabernako partaide guztiek euskaraz ulertzea. Azpimarratu nahi nuke ulertzea nahikoa dela, zeren ulertzen duenak parean duenari euskaraz jarraitzen utz diezaioke», esan zuen hitzarmenaren aurkezpenean.
Euskaraldiko webgunean eman behar da izena. Harremanetarako kontaktu bat eskatzen da eta zenbat arigune dauden galdetu. Kanpo arigunea herritarrei begira dago (adibidez, dendariak bezeroekin) eta barne arigunea barrura begira (langileen artean). Nahikoa da arigune bat edukitzea izena emateko.
Agirre harategiak, Caixabank bankuak, Iraeta tabako-dendak, Irrintzi dantza taldeak, Javier Arratibel optikak, Laboral Kutxak, Lorea drogeriak, Otaegi harategiak, Plazaola iturgintzak, Urki liburu-dendak, Artzuaga altzari-dendak, Maite kafetegiak eta Zumarragako Udalak dagoeneko izena eman dute.
Izena emateko epea hilaren 27an itxiko dute. Informazio gehiago nahi duenak Gabirondorekin jar daiteke harremanetan.