Legazpiko Udala 'Arigunea' izango da Euskaraldian
Euskararen aldeko ariketa kolektibo horretan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, eta Legazpiko elkarte, talde eta kolektiboei izena emateko eskatu diete.
Arigunea izango da Legazpiko Udala Euskaraldiaren bigarren edizioan, astelehenean gobernu batzordean hala erabaki eta gero. Koldobike Olabide alkateak eta Amaia Zaldua euskara zinegotziak eman dute erabaki horren berri, herritarrei ere Euskaraldian parte hartzera gonbidatzearekin batera. Lehen edizioan 1.200 legazpiarrek parte hartu zutela gogoratu du Olabidek.
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten Euskaraldia “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” lelopean. Aurreko edizioan bezala, Ahobizi eta Belarriprest bakarkako figurak izango dira euskara ulertzen dutenen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial horretan, baina bigarren ediziorako Ariguneak ere sortu dituzte, taldeei zuzenduta. Horietako bat izango da Legazpiko Udala, eta alkateak jakinarazi zuenez, datozen egunetan “taldeko ariketa horretan parte hartuko duten barruko zein kanpoko ariguneak identifikatuko ditugu”.
Entitate gisa parte hartzeko Euskaraldiaren web orrian izena eman behar dela ere azaldu zuen, eta “Legazpiko enpresa, elkarte, denda, tabernari eta beste erakunde guztiak” gonbidatu zituen aurtengo ekinaldian parte hartzera.