Festarik gabe, ekintza sinbolikoak egingo dituzte San Migel egunean
Gaintzan herritarrentzako bertso saioa eta kontzertua egingo dute asteartean. Altzagan festetako zapia banatu eta lau lagunentzako otordua zozkatuko dute
Udazkena hastearekin batera, Goierriko hainbat herritan festak ospatu ohi dituzte. Aurten, dena den, bertan behera utzi dituzte jai herrikoi gehienak COVID-19ak eragindako osasun larrialdia dela eta. San Migel eguna izango da datorren asteartean, irailaren 29an. Altzagan eta Gaintzan herriko festak ospatuko lituzkete, baina egitaraua bertan behera uzteko erabakia hartu dute udalek. Lazkaon eta Ormaiztegin, bestalde, ospakizunak egin ohi dituzte San Migel egunean, baina aurten ez dute ekintzarik egingo.
Altzagan patata tortila lehiaketa, puzgarriak, txokolate jana, toka txapelketa, herri kirolak, sagardo dastaketa edo pilota partidak izaten dira San Migel jaiak ospatzeko. Aurten, ordea, festak gogoan izateko ekintza sinbolikoak egingo dituztela azaldu du Maite Garmendia Altzagako alkateak: «Festak ezin ditugunez ospatu, sortutako zapia banatuko dugu herritarren artean».
Ez dute zapirik izan altzagarrek festetan lepoan jartzeko orain arte. Aurten zapia izango dute, baina festarik ez. Halere, lau lagunentzako zozketa egingo dute: irabazleak 4 lagunentzako afari edo bazkaria izango du Olagi sagardotegian. Horrez gain, haurrentzako marrazki lehiaketa prestatu dute. Gaur izango da eta irabazleak Nafarroako Sendaviva abentura parkerako lau sarrera eskuratuko ditu.
Altzagan bezala, Gaintzan ere jai herrikoiak izaten dira San Migeletan ospatzen dituztenak. Mozorro poteoa, herri afaria, erromeria, puzgarriak edo patata tortila lehiaketa egin ohi dute gaintzarrek jaietan gozatzeko. Festa eta ekintza horiek bertan behera geratu dira osasun egoeragatik. Horren ordez, berriz, Oroimenaren Eguna egingo dute San Migel egunean bertan, datorren asteartean.
Auritz Aurtenetxe Gaintzako Udaleko zinegotziak azaldu du bizitako egoera zailak gogoratzeko parada izango dela: «Egoera gogor honetan ondoan izan ditugunak kontuan izateko eguna izango da». Gehitu du egoera aldatu dela eta, elkargune bat bilatu dutela «herri izaera mantentzeko», segurtasun neurriak hartuta. Oroimenaren Egunean parte hartzeko izena eman behar dute gaintzarrek udaletxean, plazak mugatuak izango direlako. Etxekoak gogoan izateko eta San Migel eguna presente izateko ekitaldi hori 18:30ean hasiko da. Plazan edo frontoian egingo dute, eguraldiaren arabera.
Hasteko, dantzariek agurra dantzatuko dute eta, jarraian,bertso saioa izango da: German Urteaga eta Lander Arizmendi goierritarrak ariko dira bertsotan. Udaleko ordezkariek hitzaldia emango dute ondoren. Ruper Ordorikaren Ez beldurrik izan abestiaren letra ere banatuko dute herritarren artean elkarrekin kantatzeko. Egunari amaiera emateko 19:00etan kontzertu akustikoa egongo da.
Ospakizunik ez
Lazkaon San Prudentzio jaiak etxealdian pasa zituzten herritarrek. San Migel Eguna ere ospatu ohi dute lazkaotarrek. Sagardo dastaketa eta herri afaria egiten dute, besteak beste, baina aurten ez da ospakizunik izango. Lazkaoko Udalak ekintza guztiak bertan behera uztea erabaki du. Herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die udalak: «Izan gaitezen arazoaren konponbide eta ez parte. Ez diezaiogun utzi birusari gure herrian zabaltzen, eta kontrolatu ezin den egoera batera eramaten», adierazi du.
Ormaiztegin ere San Migelak ospatzen dituzte urtero. Meza, jolasak eta erromeria izaten dituzte ormaiztegiarrek eguna ospatzeko. Udazken honetan, halere, ez dute ospakizunik izango, udalak egitaraua bertan behera uztea erabaki baitu.
Beraz, udazken hasierako ohiko San Migel jaiak ez dituzte ospatuko. Herriko jai nagusiak izaten dira Gaintzan eta Altzagan, eta herri horietan ekintza sinbolikoak egingo dituzte, betiere segurtasun neurriak hartuta. Ospakizunak egin ohi dituzten herrietan, aldiz, ez dute ekintzarik egingo. Era batera ala bestera, gogoan izango dute San Migel eguna hainbat goierritarrek.
Idiazabalgo Urtsuaran auzoan ere aurten ez San Migel jairik ospatuko, auzotarrek horrela erabakita.