«Guk bultzatu behar genuen egoera honetan jendea etortzea?»
Aitor Mujikarentzat (Beasain, 1974) Arriarango Mendi Duatloia festa bat da. Arriaranen festarik gabeko duatloirik ez dutenez ulertzen, aurten ez egitea erabaki dute.
Arriaranen Mendi Duatloia ere ez da egingo.
Bilera batzuk egin genituen, pentsatuz pandemia ez zela horrenbeste luzatuko. Abuztuaren erdialdean argi ikusi genuen ez zela hala izango, eta duatloirik ez egitea erabaki genuen.
Erabaki erraza izan zen?
Arraroa zen, inork ez zuelako pauso hori eman nahi. Gure aurretik Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuituko herri bakarrak esan zuen beraiek ez zutela egingo. Baina guk garbi ikusi genuen. Guretzako duatloia ez da irteera eta helmuga bat bakarrik. Ulertzen dugu biatletak gogotsu egotea, baina herri txiki bateko festa hori mantendu nahi genuen: frontoia beteta, auzotarren artean egindako tortillak debalde, txorixoak, kañeroa… Hori gabe ez da duatloia. Adineko auzotarrei zer esan behar genien, ez etortzeko? Behartu egin behar genituen? Boluntario guztiekin zer egin? Guk bultzatu behar dugu egoera honetan jendea etortzea eta arrisku hori hartzea? Oso konplikatua da.
Alferrikako lanik egin duzue?
Abuztu bukaeran, oporretatik bueltan, ikusi genuen ezinezkoa zela. Bideak apur bat garbitu genituen ordurako, baina urtero egiten dugun lana da. Gainera, esperientzia bagenuen: Arriarango Mendi Lasterketa martxoan zen jokatzekoa, eta 400 kamiseta erosita harrapatu gintuen. Oraingoan ez dugu gasturik egin.
Zer ondorio du lasterketa ez egiteak?
Ondorio nabarmenik ez du. Mendiak berdin-berdin garbitu ditugu eta gasturik ez dugu egin.
Jarraikortasun aldetik ere ez?
Espero dut ezetz. Zaila iruditzen zait, baina ea datorren urtean lanerako gogo bikoitza izango dugun, indarberrituta gauden. Urte sabatikoa izan da, mendi lasterketarik, Murumendiko anoa posturik eta mendi duatloirik ez delako egon. Hiruak atzera gelditu dira, eta lasaiago ibili gara.
Animoz nola zaudete?
Alde batetik, lasaitasuna eskertzen da; baina gustatzen zaigulako ibiltzen gara saltsa hauetan eta falta sumatzen da.
Talde bera ibiltzen zarete mendi lasterketa eta duatloia antolatzen, Arriarango Intxaurpe elkartekoak. Mendi lasterketa martxoaren 14ean zen egitekoa, itxialdia hasi zen egunean. Kolpe gogorra izango zen.
Pena handia hartu genuen. Ostegunean erabaki genuen lasterketa bertan behera uztea, bi egun lehenago. Baina tira, beste aukerarik ez genuen. Lan guztiak eginda genituen eta, azkenean, alferrik. Zorionez, udalak gastu batzuk bere gain hartu zituen.
Halako proba bat, kasu honetan mendi duatloia, zer da Arriaranentzat?
Festa bat. Festa bai guretzako, bai herrian bizi direnentzako, lasterketaren bueltan etortzen direnentzako… Biatletak ikusiz arratsalde pasa egin Arriaranen, garagardo bat hartu, pintxo bat jan… Halako herri txiki batean horrenbeste jende elkartzea festa da.
Igartzako Mendi Duatloia egin zen duela hamabost egun. Azken orduan zerbait egiteko ilusiorik ez zitzaizuen piztu?
Laguntzeko eskatu ziguten eta noski baietz. Beraiek erabaki zuten irteera eta helmuga bat jartzea eta biatletak ere gustura ibili ziren eta ongi ikusi nuen. Baina gurea bezalako herri txiki batera ekartzen duen festa giroa ez da bateragarria. Garbi dagoena da auzotarren laguntzarik gabe duatloirik ez dagoela.
Itxialditik bueltan mendian jende gehiago sumatzen duzu?
Jende asko dabil mendian, bai korrika eta bai bizikletan. Kirolaria kirola egiten ari da, eta lasterketak gogoz hartzen dituzte.
Uste duzu jendearentzat mendi duatloien formatua erakargarria dela? Mendian, aire librean, kontaktu zuzenik gabe…
Igartzako Mendi Duatloian kirolariak oso gogotsu nabaritu nituen. Beldurra? Ez dut uste kutsatzeko beldurrik dagoenik. Lehiakide kopurua txikia izaten da, eta kontrolatzeko arazorik ez dut ikusten..
Datorren urtean itzultzeko itxaropena baduzue?
Aurreneko zaplaztekoa hartu genuenetik, lasai-lasai goaz. Egunez egun egoera nola dagoen ikusi beharko dugu, eta egoerak esango digu egin dezakegun ala ez. Baina zalantzan jarri gabe boluntarioen artean adineko jendea dagoela eta beraiek gabe hau ezinezkoa dela.