Iraitz Zubizarretak Ataunen bihar egingo du debuta pilotari profesional bezala
Maiatzean atzeratutako estreinaldia du Baikoko aurrelariak, Auzoetan. Jon Ander Albisurekin osatuko du bikotea, eta aurkari Bengoetxea-Aranguren. Gogotsu eta ilusioz dago Zubizarreta
Iraitz Zubizarreta, Aiako plazan, aurtengo maiatzean. // Aimar Maiz Ataundarrek herriko bigarren pilotari profesionala nola hasten den ikusi ahalko dute, bihar. Iraitz Zubizartea Agirrek (Aia, Ataun, 1999ko martxoaren 16a) Baiko enpresarekin debuta egingo du, profesionaletan. Maiatzaren 9ko gozokia koronabirusaren konfinamenduak zapuztu bazion ere, eta nahi baino beranduago izan arren, koadro profesionalera jauzi egingo du aurrelariak.
Zubizarreta III.a izena erabiliko du bizkarrean. Debuteko jaialdia berezia izango du, jakina; baina baita Ataungo herriak ere. Zubizarretari atzean laguntzen, bikotea osatuz, Jon Ander Albisu herrikidea jardungo da. Albisuk hamar urte bete ditu profesionaletan, 2010eko uztailaren 3an debutatu baitzuen, Tolosako Beotibarren.
Ataundar bikoteak Oinatz Bengoetxea leitzarra eta Aitor Aranguren aginagarra izango ditu aurkari.
Iraitz Zubizarreta Euskal Herriko lau eta erdiko txapeldun izan da, afizionatuetan, 2017tik 2019ra, hiru aldiz. Baita Gipuzkoako txapeldun ere.
Auzoeta, %60ra
Ezin bestela, eta Auzoeta kiroldegiko frontoian antolatu dute debuteko jaialdia Ataun Kirol Elkarteak eta Ataungo Udalak. 17:30ean hasiko da, eta lehenik Bakaikoa-Urretabizkaia II.a eta Arteaga II.a-Eratsunek jokatuko dute. Auzoetaren edukiera %60ra murriztua dago, eta 378 sarrera atera dituzte salmentara.
«Gogoarekin eta ilusioarekin nago, egun handia izango delako. Herrikoak, familiakoak eta lagun guztiak aurrean ditugula debutatuko dugu, eta ea partida polita egiteko gai garen», zioen atzo Iraitz Zubizarretak.













