Lazkaoko Proba atzeratutako amateur karrera bihar jokatuko da
Lazkao Kirol Elkarteak antolatu du, elite eta 23 urtepeko amateurrentzat
San Prudentziotan behar zena San Migel inguruan izango da azkenean. Lazkaoko 77. txirrindulari proba bihar goizean jokatuko da, printzipioz apirilaren 25erako jarritako eta koronabirusaren konfinamenduak atzerarazitako amateur karrera berreskuratuta. Lazkao Kirol Elkarteak antolatu du, elite eta 23 urtepeko amateurrentzat. Euskaldun txapelketarako balio du. Segurtasun eta urruntze neurri bereziak hartu dituzte.
Irteera Senperetik egingo dute, eta inskripzioak Renaulten garajean egingo dituzte txirrindulariek, kiroldegian egin beharrean. 09:30ean abiatuko dira ziklistak, neutralizatuta, eta herriko plazan emango zaio lasterketari irteera ofiziala. Lazkaoko herrigunetik ez dira berriro pasatuko.
Helmuga Lazkaomendin
Helmuga ere tokiz aldatu dute, beraz: Lazkaomendin egongo da pankarta. Bien bitartean, 127,6 kilometro luzeko ibilbidea izango dute. Ordizia-Itsasondo-Legorreta-Alegia-Orendain (3. mailako mendiko saria)-Abaltzisketa-Zaldibia-Ordizia bira lau aldiz osatuko dute.
Datorren zapatuan Zarautzen egin beharrekoa zen beste karrera bat ere Lazkaon egingo dute. Jubenilak izango dira. Senperen irten eta Lazkaomendik bukatuko dute haiek ere.













