Ezohiko Josetxo Imazen oroimenezkoa Alexander Oiarbidek eta Elena Silvestrek irabazi dute
Beasainen hasi eta amaitu da Ordiziako Txindoki Atletismo taldeak antolatutako Josetxo Imazen 20. oroimenezko lasterketa. Helduen lasterketa soilik ospatu da. Segurtasun eta distantzia neurriak hartze aldera, korrikalariak mailakatuta irten dira, gehienera 50eko taldeak osatuz. Ez da sari banaketarik izan.
Hogeigarrena izateagatik ez da berezia izan aurtengo Josetxo Imazen oroimenezko lasterketa. Berezia izatekotan, hartu beharrezko segurtasun eta prebentzio neurri guztiengatik izan da. Lasterketako irteera guztiz ezberdina izan da: korrikalariak mailakatuta irten dira, sei taldetan, bi minutuko tartea mantenduz.
Lasterketa hasi baino lehenagoko beroketa lanak musukoa jantzita egin dituzte. 10:30etako langa gerturatu denean, tenperatura hartu, gel hidroalkoholikoa erabili eta segurtasun distantzia mantenduz kokatu dira irteera puntuan. Horrelako neurriak hartuz, jende pilaketak ekiditea lortu dute. Helmugaratzen zihoazen heinean, antolakuntzako gazte batzuk musukoak banatzen ibili dira eta parte hartzaileek muga gainditu orduko musukoa jarri dute. Antolakuntzako kideak oso adeitsu egon dira une oro, korrikalariei eta ikusleei lasterketa seguru bat izateko jarraibideak zeintzuk diren gogoratuz.
Parte hartzea aurreko urteetan bezain ona izan da. Askok, aspaldian horrelako lasterketarik korritu ez izana aitortu dute.
Jarraian gizon eta emakumezkoen sailkapena:
- Alexander Oiarbide (00:31:02)
- Xabier Lukin (00:31:18)
- José Antonio Gomez de Arriba (00:31:24)
- Elena Silvestre (00:35:39)
- Maialen Muñoz (00:36:18)
- Ane Zabala (00:36:37)