Naiara Goia segurarra izango da Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria
Berrikuntzan aditua da Naiara Goia. Berrikuntza sozialerako laborategiak elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa izango ditu aztergai batik bat.
Arantzazu Gaur Fundazioko patronatuko erakunde eta eragileek erabakita, Naiara Goia Imaz segurarra izango da Gizarte Berrikuntza laborategiko zuzendaria. Uztailaren bukaeran Fundazioko kideek, hau da, Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, Mondragon taldeak, Kutxa Fundazioak eta frantziskotar anaidiak, santutegiari lotutako proiektu bat abiaraztea erabaki zuten. Horrela, Gizarte Berrikuntza laborategia sortu zuten, batik bat elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoaren inguruko lanketa egiteko.
Proiektuaren helburua laborategia “gizarte gizatiarrago, justuago, kohesionatuago eta lehiakorrago baten aldeko erreferentzia gune” bilakatzea dela azaldu du Aldundiak ohar baten bidez: “Arantzazuko gizarte berrikuntza laborategia nazioartean dagoeneko lanean diharduten gizarte berrikuntzarako laborategiekin elkarlanean arituko da”. Partaidetza prozesuak jarriko dituzte martxan, lankidetza sareak sortzeko udalerri, enpresa, gizartegintzako elkarte eta tokiko eragileen artean.
Ibilbide luzea
Goiaren izendapenarekin “proiektua garatu eta hezurmamitzeko urrats garrantzitsua” eman dutela adierazi du aldundiak. Berrikuntzan aditua, 20 urteko esperientzia dauka segurarrak nazioarteko proiektu estrategikoen koordinazioan eta pertsonen zuzendaritzan. Azken urteak Mondragon Korporazioan egin ditu, kooperatiben sarean berrikuntza sustatzeko eta enpresen eraldaketarako estrategiak bultzatzeko ekimenen lidergoan. Hainbat unibertsitaterekin ere kolaboratzen du hizlari edo irakasle gisa, gizarte berrikuntzari eta enpresen eraldaketari lotutako esparruetan batik bat.