EH Bilduk salatu du AHTaren lanen ondorioz etxebizitzek dar-dar egiten dutela
Andramari kaleko hegalaren ondoan Abiadura Handiko Trenaren larrialdi-tunela egiten ari dira. Mendia zulatzeko eztandak inguruko etxeetan nabaritzen direla kexu dira
Beasaingo EH Bilduk salatu du Andramari kaleko hegalaren alboan egiten ari diren Abiadura Handiko Trenaren obrak inguruko etxeetan eta bizilagunengan kalteak eragiten ari dela. Larrialdi-tunela egiteko mendia zulatzerakoan eragindako leherketen erruz etxeek dar-dar egiten dutela aipatu dute. Uztailaren amaieratik nabaritzen dituzte ikarak, eta bizilagun “asko” direla kaltetuak baieztatu dute.
Larrialdi-tunela egiteko lanak 2019 abenduan hasi ziren. Halere, Abiadura Handiko Trenaren obrak Goierrin hamar urte lehenago hasi ziren, 2009an. Tarte horretan, Europako Batasunak segurtasun araudia zorroztu egin zuen eta tunelak zaharkituak gelditu ziren oraindik estreinatu gabe dauden arren.
“Beasaingo EHBildutik, inguruko herritarrek erakutsitako kezka partekatu nahi dugu, eta beste behin salatu nahi dugu makro-proiektu honek ingurumenean, ekonomian eta hirigintzan izango duen eragina etorkizun ez oso urrun batean”, adierazi du koalizio abertzaleak ohar bidez. ” Euskal Herrian abiadura handiko trenaren lanek eragin duten eta eragiten ari den ingurumen-kaltea eta gastu ekonomikoa zein den guztiontzat ezaguna da. COVID-aren pandemiaren ondorioz bizi dugun osasun- eta ekonomia-krisiaren une honetan, makro proiektu horren zentzugabekeria are gehiago nabarmentzen da”